Aguraingo jai herrikoiak arriskuan daudela jakinarazi dute txosnagunea eta afari ibiltaria antolatzen duten kideek. Urria hasieran ospatzekoak diren jaietan herritarren parte hartzeak gora egin behar duela ohartarazi dute, ekimenak jasangarriak izango badira. "Zurea da ardura!" esan diete Aguraingo herritarrei.
Izan ere, azken urteetan jaien antolaketak eskatzen dituen lanak betetzeko zailtasun handiak izan dituztela adierazi dute. Orain arte egindakoaz harro agertu badira ere, jende gehiago behar dute jaien prestaketari eusteko. "Jai herrikoiak herriak egin behar ditu, eta herriarentzat izan behar dira".
Antolatzaileek gaitzetsi dute jendearen ardura falta. "Nik ez dut txandarik egin nahi", "txosnak gazteentzat dira eta haiek egin dezatela lan" eta "txaranga orduak ez ditut galduko" bezalako esaldiak adibide gisa jarri dituzte, eta azaldu halako jarreren ondorioz daudela larrialdi egoeran jai herrikoiak.
Aguraingo heldu zein gazteei dei egin diete jaien antolakuntzan parte hartu dezaten. Txandak egiten, ekintzak antolatzen, espazioen muntaketan, bazkari eta afarien prestaketan eta bestelakoetan lan egiteko eskatu diete herritarrei. Parte hartzeak "etenik gabekoa" izan behar duela adierazi dute, norberaren gaitasunen araberakoa.