Donemiliagako Udalak ontzi arinak birziklatzeko Gasteizko Jundizko plantaren kudeaketa publikoa bultzatzeko azterketa egitea eskatu du, EH Bilduren mozio bat onartuta. Era berean, diputazioari eskatu dio hondakinen biltegiratze eta itzultze sistema integrala (SDDR) ezartzeko plan pilotu bana garatzea Lautadan eta Arabako Mendialdean, herri tipologia ezberdinei erreparatuta.
Jundizko planta 2012tik UTE batek kudeatu du, eta aurten amaituko da esleipena. "Enpresa honen fakturazioa bildutako ontzi kopuruaren araberakoa denez, zenbat eta plastiko gehiago bildu, orduan eta etekin handiagoak ditu enpresak". Alta, onartutako mozioan, Donemiliagako Udalak gogoratu du hori ez dela hondakinak kudeatzeko modu egokia. "Europatik ezartzen da hondakinak tratatzeko ekintzen hierarkia: prebentzioa lehentasunezkoa da, eta azpitik datoz berrerabiltzea eta birziklatzea, adibidez. Beraz, plastikozko ontzi arinak biltzea ezin da etekin ekonomikoen menpe egon, ontzi horiek murriztea lehentasuna izan beharko litzatekeelako", adierazi dute.
EH Bilduk aurkeztutako eta udalak onartutako mozioan azpimarratzen dute Arabako Hondakinen Planean jasota dagoen ontzi eta plastiko kopurua murriztu behar dela, eta prebentzio neurriak hartu behar direla, "baina argi dago planean jasota dauden helburuak lortzetik oso urrun gaudela. Gure esku dagoen guztia egin behar dugu hondakinen sorrera murrizteko helburuak betetzeko, eta norabide horretan doa gure proposamena".