Barriako aterpetxeak 40 urte bete dituela ospatu du aldundiak. 150 plaza eta hainbat zerbitzu mota dituen eraikin historiko honen efemeridea ospatzerakoan, bertan lan egiten duten emakumeak gogoratu nahi izan ditu foru erakundeak. "Inguru honetako emakumeak, lan bizitza osoa Gazteriaren Foru Erakundearen zerbitzura daramatenak", Ana del Val Gazteriaren Foru Erakundeko presidentearen hitzetan.
Foru Aldundiak Barriako Santa Maria monasterioa 70ko hamarkadan erosi zuen. 80ko hamarkadan birgaitu eta gero, gaur egungo gazte aterpetxea sortu zuten, eta udako kanpainan EAEko 560 haur hartzen ditu uztailean. Abuztuan, beste autonomia erkidego batzuetako gazteak datoz Gazte Bidaiak truke programaren bidez, eta ikasturtearen zehar zenbait jardunaldi antolatzen dira bertan; Arabaz Blai, Eco School eta Euskal Girotze Barnetegia, besteak beste.
Arabako Lautadan dagoen zistertar monasteriorik garrantzitsuena da Barriako Santa Maria. Aisialdirako topagunea izateaz gain, XIII. mendetik historia metatzen joan da. XIX. mendera arte parrokia-eliza bat ere izan zuen.