2008. urtetik ospatzen da Lautadako Musika Jaialdia, herrietara hurbiltzeko formatu txikiko musika, normalean eskura izaten ez duten eskaintza. Aurten ere musika klasikoz beteko da Lautada, Ensemble Albeniz taldearen eskutik. Asparrena, Donemiliaga eta Burguko udalerrietako sei herritara helduko dira kontzertuak, uztailaren 18tik 27ra.
Herrietako elizetan egin ohi dira kontzertuak, eta hiru saio ezberdin eskainiko ditu Ensemble Albenizek Lautadan, konpositore ezberdinen musikarekin. Argomanizko San Andres elizan izango da jaialdiaren inaugurazioa, uztailaren 18an, 19:00etan. Kontzertuaz gain, elizara bisita gidatua egiteko aukera ere izango da. Bigarren kontzertua Ilarduian egingo dute, uztailak 19 ostiralean, 20:00etan. Lehen bi hauetan Mozart, Händel eta Rolla konpositoreen musika interpretatuko dute.
Amezaga eta Albenizeko kontzertuetan, berriz, Beethoven, Händel eta Rollaren musika joko dute. Uztailak 20, larunbatean, izango da Amezagako kontzertua, 20:00etan. Albenizen, berriz, bi emanaldi egingo ditu Ensemble Albenizek, uztailaren 21 eta 25ean, biak 20:00etan.
Albenizeko bigarren kontzertuan, eta Galarreta eta Araian emango dituztenetan, musika barrokoa izango da entzungai, haize eta soka instrumentuentzako egindakoa. Uztailaren 26an, ostiralez, Galarretan emango dute kontzertu barrokoa 20:00etan. Jaialdia amaitzeko Araiara hurbilduko dira 27 larunbatean, eta 19:30etan emango dute kontzertua.
Ensemble Albeniz
Musikari kataluniar eta euskaldunek osatzen dute Ensemble Albeniz zazpikotea. Guillem Calvo Martinez de Albeniz biolinjolea da jaialdiaren zuzendaria. Berarekin batera arituko dira Ricardo Conde, biolina eta biola jotzen dituena, Leire Moreno, biola, Alberto Ferres, biolontxeloa, Mikel Albistur, oboea, Marta Santamaria, flauta eta piccoloa, eta Iñaki Iraola, fagota joaz.