Arte Eszenikoen Tailerrak zabaldu du izena emateko epea

Erredakzioa 2024ko uzt. 6a, 12:03

Ikasle bat antzezlan batean. Argazkia: TAE Araba.

300 plaza baino gehiago daude eskuragarri irailaren 9ra arte, adin guztietako pertsonentzako. Antzerki hastapenetako ikastaro berri bat gehitu zaio orain arteko eskaintzari, ahotsa, interpretazioa, antzerki fisikoa eta jolas dramatikoa lantzeko, besteak beste.

Arte Eszenikoen Tailerrak eskaintza zabala proposatu du datorren ikasturterako. 300 plaza baino gehiago eskaintzen dira bertan, txikienetatik hasi eta gazte zein helduentzako hainbat ikastarorekin. Irailaren 9an amaituko da izen emateko epea, eta urriaren lehenean hasiko dira ikastaroak, Gasteizen eta Agurainen izango dira.

Lehenagotik zegoen eskaintza osatzeko, ikastaro berri bat antolatu dute aurten, antzerki prestakuntzan hasi nahi duten pertsona amateurrentzako. Astean hiru egunez, eszenatokian erabiltzen diren oinarrizko tresnekin "harreman perfektua" izateko egindako ikastaroa da. Bestalde, hurbilketa espezializatuago bat ere badago helduentzako, bi ikastaroz osatutako irakaskuntza progresiboa. "Eskolako ikastarorik osoena" antolatzaileen hitzetan, hau baita irakasgai gehien eskaintzen dituena: ahotsa, kantua, gorputz adierazpena, interpretazioa eta jolas dramatikoa.

16 urtetik gorakoentzat Musika Antzerkia ikastaroa dago, eta 15 eta 18 urte bitarteko ikasleek haientzat bereziki zuzendutako Gazteentzako Antzerkia daukate. Txikienentzako ere badago eskaintza, adin tartetan banatuta. 3-5, 6-10 eta 11-14 urte bitarteko umeentzat ikastaroak antolatu dituzte, euskaraz, gazteleraz zein ingelesez.

Hirugarren urtez jarraian Agurainen ere badago prestakuntza eskaintza. Harresi aretoan hiru ikastaro izango dira. 6-10 eta 11-14 urte bitartekoentzako antzerki eskola, eta helduentzako Antzerkiaren hastapenak ikastaroa.

Matrikulazio epea irailaren 9ra arte egongo da zabalik Arte Eszenikoen Tailerraren webgunean, eta informazioa eskuratu daiteke webgunean bertan, 945 28 45 42 telefonora deituta edo tae@araba.eus helbidera idatzita. Ikastaroek "prezio publikoak" dituzte, eta ikasleek hainbat hobari jaso ditzakete, %20 eta %50 bitarte, familia ugarientzat, langabeentzat edo genero indarkeriaren biktima eta haien ondorengoentzat, besteak beste.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago