Araia-Asparreneko Umorezko Antzerki Jaialdia abuztuan itzuliko da. Aurreratu dituzten emanaldien artean, Susto antzezlana dago, Maite Gebara konpainiaren; beldurrezko gaztelu batean bizi diren lau komedianteen istorioa kontatzen duena. Proyecto Kavauri Andaluziako konpainiaren eskutik Lullaby akrobazia ikuskizuna ere eskainiko dute, iaz Panorama Circada Jaialdian sari berezia jaso zuena.
Jaialdiaren 31. edizio honetako berrikuntzetako bat ostiral eta larunbat gaueko ikuskizunak berreskuratzea da, Araiako erdigunean, 00:30ean. Kalean ez ezik, barruko ikuskizunak ere egongo dira, Las Bingueras de Eurípides kasu. Las Niñas de Cadiz konpainiaren antzezlan saritua Arrazpi Berri kiroldegian antzeztuko den lau emanaldietako bat izango da.
Halaber, jaialdiak Arabako herrietako zirkuitua mantenduko du abuztuan zehar. 25 herri bilduko ditu, eta hiru ikuskizun zirkuitu ibiltarian bakarrik izango dira ikusgai.