45 urte bete dira Martxoaren 3ko lehen aitortza instituzionaletik

Erredakzioa 2024ko uzt. 4a, 14:36

2024ko martxoaren 3an Gasteizen egindako mobilizazioa. Argazkia: ALEA

1979ko uztailaren 4an Martxoak 3 kalea izendatu zuten Agurainen, ezagutzen den lehen aitortza ofiziala. Ondorenera ere memoriaren alde eta inpunitatearen aurkako borroka klandestinitatean egin behar izan zen urte askoan zehar.

1976ko martxoaren 3ko sarraskiei egindako lehen aitortza instituzionala Agurainen izan zen, Martxoaren 3ko elkarteak jakinarazi duenez. Gasteizen poliziak bost langile hil eta hiru urtera, kale bati Martxoak 3 izena jarri zioten Agurainen. "Ausarta eta aitzindaria" izan zen udalaren erabakia, Martxoak 3 Elkarteko Lander Garciaren hitzetan. Izan ere, urte asko igaro ziren Gasteizen omenaldi ofizialak baimendu eta biktimek aitortza jaso arte.

Haguraingo Aukera eta Salvatierra por los Trabajadores alderdien babesarekin hartu zen erabakia, eta EAJk eta UCDk aurka bozkatu zuten, sei boz alde, bost kontra. Frankismoaren osteko lehen udal hauteskundeetan, 1979ko apirilean, Haguraingo Aukera taldeak lortu zuen alkatetza, eta Maria Luisa Murgiondo izendatu zuten alkate. Araba osoan bi emakume soilik izan ziren alkate orduko hartan, Murgiondo Agurainen eta Marisol Bujanda Moredako herrian.

Garciak nabarmendu du Estatuak ixiltasuna inposatu nahi izan zuela urte luzez. EAJ eta UCDk aurka bozkatu izanak laguntzen du ulertzen nolako inpunitate maila egon den, Garciak dioenez. "Egun inork ez du M3ko argazkitik kanpo geratu nahi, baina urte askoan oso sektore zehatzak egon ziren bakarrik sarraskia salatzen".

Hamarkadetako memoria lana

1999. urtean sortu zen Martxoak 3 Elkartea, 76ko sarraskiaren memoria bizirik mantendu eta aitortza lortzera bideratuta. Ibilbide luzea egin dute ordutik, eta askotan nabarmendu izan dute garrantzitsua dela memoria osatu eta ongi azaltzea, "garai zailenetakoa bereziki", eta aitortza egitea Martxoaren 3aren alde borrokatu dutenei. 

Egun gizartean onartua badago ere, klandestinitatean eman ziren Martxoaren 3a oroitzeko lehen pausoak Gasteizen. Saiakera ugari egon ziren monolitoa ezartzeko, "orain agintariek loreak jartzen dituzten monolito bera". Atxilotuak ere egon ziren 1983an, Garciak kontatu digunez. Azkenik, 1984an lortu zuten monolitoa jartzea, "gauez eta klandestinoki".

Gasteizen hainbat lekutan daude Martxoaren 3an hildakoei omenaldiak gaur egun. 2001ean jarri zitzaion izena Martxoak 3 plazari, Elkarteak egindako lehen ekimenetakoa izan zen, sarraskiaren 25. urtemugan. Zaramagan bertan ikus daitezke monolitoa, murala, eskultura eta beste hainbat interbentzio artistiko. Errekaleor auzoan muralak daude M3aren omenez margotuta, eta auzoko zinemak Romualdo Barrosoren izena darama, 76an poliziak hildako auzokidearena. Adurtzan ere plaka bat ezarri zen 2020. urtean.

Gasteiztik kanpo ere Martxoaren 3a gogoan

Aguraingo kale izendapen aitzindariaz gain, bestelako omenaldiak ere egin zaizkie martxoaren 3an hildakoei. Iruña Okan kale baten izena dago jarrita haien omenez, eta Dulantzin 2016an plaza bati jarri zioten Martxoak 3 izena, eta eskultura bat jarri zuten bost hildakoen aurpegiekin.

Euskal Herritik kanpo ere bai, Extremadurako Brozas herrian plaka bat jarri zioten Romualdo Barrosori 2022an. Brozasekoa zen Barroso Chaparro familia, eta handik etorri ziren Gasteiza, Errekaleorrera. Hala dio Barrosoren omenezko plakak: "Etxe honetan jaio zen, 1957ko urtarrilaren 6an, Romualdo Barroso Chaparro. Gasteizen hila, 1976ko martxoaren 3an, langileen eskubideak defendatzeagatik".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago