Ozetako latsariak omenduko dituzte ekainean zehar, "egunerokotasunari eusteko lan isil eta ezinbestekoa" egiten zutelako eta, antolatzaileen arabera, ez delako orain arte kontatu. Mendeetan zehar erabili izan dituzte Ozetako emakumeek bertako latsarriak arropa garbitzeko, eta "elkargune eta askatasun eremu" ere izaten ziren, bizilagunen esanetan. Horietako batzuk zutik daude oraindik, nahiz eta oso egoera kaskarrean dauden gehienak. Historiaren zati ezkutu hau argitara ekarri nahi izan dute herrian.
Ekainaren 2an Ozetako latsariak elkartu ziren, arropa latsarrietan garbitzen zuteneko esperientziak partekatu eta gogoratzeko. Bertan jasotako informazioarekin ondu dute erakusketa, eta Ozetako potroan egongo da ikusgai ekainaren 15etik aurrera, herriko jaien testuinguruan abiatuta. Ekainaren 23an omenaldi berezia egingo diete "aitortu gabeko lan hauetan" ibilitako emakumeei.
Askatasun eta konfidentzia gune
Arropa garbitzen aritutakoek kontatu zuten soilik emakumeen lana zela latsarrietakoa. Baina elkargune gisa erabiltzen zituzten emakumeek, "askatasun eta konfidentzia" eremu gisa. Ozetako neskek, ikusten bazuten lagunen bat latsarrira zihoala, palankana bat hartu eta edozein arropa eramaten omen zuten, batera egon ahal izateko tarte batez.
Buruan edo sorbalda gainean eraman ohi zuten baldea, eta esku ahurretan zauriak izaten zituzten harriaren aurka igurztearen ondorioz. Neguan, etxera heltzean ur epeletan jartzen zituzten eskuak, berotu ahal izateko. Ozetako emakumeek aipatu zuten eskuetako artrosia dutela askok, garaiko baldintza prekarioen ondorioz.
Udan zehar 20-30 egunean behin garbitzen zen soilik arropa. Beste lan asko egin behar izaten zen udan. Astelehen eta astearteak izaten ziren garbiketa egun ohikoenak, jendeak igandeetan aldatzen zituelako arropak. Igandetan garbitzea "bekatu mortala" zen. Latsariek oroitu zuten nola inguruko herri batean arazoak izan zituen emakume batek, igandean garbitzeagatik.
Oroitu zuten, baita ere, nola ez zitzaion batere baliorik ematen emakumeek egindako lanari. Gizonak ere hurbiltzen omen ziren latsarrietara, emakumeekin hitz egitera, "baina ez zuten inoiz garbitzen". Mutilak ere joaten omen ziren, "neskei bularrak ikustera". Mendeetan zehar iraun zuen latsarien praktikak, etxeetara ura eta garbigailuak heldu ziren arte. Ura Ozetako etxeetara noiz heldu zen zehatz-mehatz gogoratzen ez bazuten ere, 1960tik aurrera izan zela esan zuten.
"Modernitatea" heldu ondoren ere mantendu izan da latsarrien erabilera, oraintxura arte. Animaliak hiltzeko garaian tripak garbitzeko, artilea garbitzeko edota tapakiak, alfonbrak eta arropa handiagoak garbitzeko, garbigailuetan sartu ezin zirenak.
Ozetako latsarriak
Ezagutzen den zaharrena Orgutxako latsarria da. Dokumentu batzuetan ikusi dute 1786an bazegoela indarrean, konponketa batzuen gastua agertzen delako jasota. Hasieran emakumeek belaunikatu egin behar izaten zuten arropa garbitzeko, baina aurrerago, ez dago argi zein urtetan, foso edo lubaki bat egin zuten latsarriaren inguruan, lana erosoago egin ahal izateko.
Gaur egun, zutik diraute Ozetako hiru latsarrietako bik, Orgutxakoak eta Maneraldekoak. Hirugarren bat zegoen, Errotalde izenekoa, baina 1970eko hamarkadan eraitsi egin zuten, Ozeta eta Elgea herriak batzen zituen errepidea eraiki izanak kaltetu egin zuelako. Erakusketan herriko latsarrien iragana eta oraina erakutsiko dituzte. Gaur egun utziak daude, hondatuta eta erortzear. Antolatzaileek diote "garbitokiek garrantzia handia zutela herriko kulturan, etnografikoki eta sozialki, baina ahaztuak gelditu direla".
Etxean egindako xaboia
Ozetan, beste hainbat herritan bezala, etxean egiten omen zuten xaboia. Txerri gantza, edo beste gai oliotsuren bat, soda kaustikoarekin nahastuta lortzen zuten, eta erakusketan bertan azalduko dute horretarako errezeta. Hala ere, Ozetako emakumeek gogoratu zuten "Ciriacaren dendan" ere erosi ahal izaten zela.
Erakusketaren antolatzaileek Jaboneria de la Almendra dendako Oihana Santamariari eskerrak eman nahi izan dizkiote, ekimenari emandako laguntzagatik. Jaboneria de la Almendrak lan handia egin du herrietako ondare materiala eta ez materiala biltzen, izan garbitokiak zein emakumeen ekonomiari buruzko jakintzak. Ekonomiaren oinarriak eguneratzea dute helburu, lanbide tradizionalak erreferentziatzat hartuta, gaur egungo erronkei erantzuteko.