Euskal artistek genozidioari aurre egiteko ekimen sorta bat antolatu dute asteburu honetarako. Eskuahaldunak eskultoreen elkarteak jakinarazi du ekimenak Araban ere izango duela oihartzuna, Gasteizen eta Araian.
Ostiral honetan arte erakusketa bat inauguratuko da hiriburuan, Venezuela kaleko 2. zenbakian. Pablo Sorozabalen Gernika joko dute txistulariek ekimenaren hasieran, eta 19:30etatik aurrera ikusi ahal izango da Erakusleiho sorta, elkarteko kideek genozidioari buruz egindako artelanekin. Hilabete iraungo du erakusketak, eta bertan egongo dira Joserra Etxeandia, Ines Gonzalez de Zarate, Felix Alangua, Zirika, Paco San Miguel, Eskerri, Jose Cos eta Belen Urutxurturen lanak.
Larunbat eguerdian Gasteizen, 12:00etatik 13:00etara, performancea antolatu dute Juncal Ballestin plazan, Artiumen aurrean. Gernikako bonbardaketa eta Gazako genozidioa elkartuko dituzte, antzerkiaren eta Olivier Messiaenen musikaren bidez. Egun osoan zehar, Errementari kaleko 6. zenbakian, erakusleihoan egongo dira ikusgai Iñaki Marañon, Koro Martinez eta Txaro Marañonen eskulturak, Zeramika Kaina tailerrean.
Araian berriz, kontzertua antolatu dute larunbaterako. 19:00etatik aurrera Genozidioa gelditu! izeneko musika emanaldia izango da Araiako kioskoan. Herriko bandak eta abesbatzak eskainiko dute obra, Artistak genozidioaren aurka ekimenen baitan.