Aguraingo Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du maiatzaren 17rako, beste eraso sexista baten berri izan dutelako herrian. Aguraingo Udalak ere bertaratzera gonbidatu ditu herritarrak, eta gertakariei buruzko informazioa zabaldu du. Adierazi dutenez, urteetan zehar indarkeria fisikoa, psikologikoa eta ekonomikoa jasan ditu Aguraingo bizilagun batek, baina azken egunetan "urratsa eman du aspalditik bizi zuen indarkeria zirkulua apurtzeko".
Udalak elkartasuna adierazi die emakumea eta bere seme-alabei, eta biktimaren ausardia goraipatu du. Alkateak sinatutako adierazpenean ohartarazi dute gizon eta emakumeen arteko berdintasun eza dagoela halako erasoen oinarrian, eta jarrera eta ideia matxistak alboratzeko dei egin dute.
Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du azken eraso sexista hau salatzeko. Bihar izango da, ostiralez, 18:30ean Aguraingo San Juan enparantzan.