Iazko obrarekin izan zuten arrakastaren ondoren, aurten ere, Aguraingo oholtzan izango da La Revoltosa konpainia. Antzerki talde aguraindarrak No olvidaré obra aurkeztuko du bihar, 19:30ean, eta hilaren 12 eta 19an ere ikusi ahal izango da Harresi aretoan.
Sonia Aguayo gidoilari eta antzerki zuzendariaren eskutik, 1940. hamarkadara atzera egingo dute oraingoan, gosea eta mina nagusi ziren garaira. "Lan honetan gizakiak amets egiteko duen beharra, adiskidetasunaren garrantzia eta dena kendu dizutenean bizitzea merezi ote duen sentimendu nahasia islatzen dira", azaldu dute taldekideek. "Nola bizi etengabe isilarazten bazaituzte? Heriotza jutifikatuta dago? Zer gertatzen da sufrimenduarekin, denborak senda dezake? Barka al dakioke zure minaren errudunari?".
Besteak beste, Eder Santos, Esti Lopez de Ziordia, Gari Uriarte, Ibai Santos eta Imanol Murguialdai izango dira taula gainean, eta zuzeneko musika ere entzungo da obran. Antzokian bertan eta kulturagurain.eus webgunean ere eskuratu daitezke sarrerak.