Dulantziko Amateur Antzerki Jaialdiak Kalitate zigilu onenaren saria jaso du aurtengo Escenamateur Juan Mayorga sariketan, bertan egiten duten "lan itzelagatik".
Ohar batean adierazi duenez, Dulantziko Udalak "poztasun handiz" hartu du saria, horrek suposatu duelako "urte hauetan guztietan izan den dedikazio, ahalegin eta gogo handiari" egindako aitortza bat. Udalak dioenez, proiektuaren kudeaketa aintzat hartzeaz gain, sariak jaialdiari are "prestigio eta proiekzio" handiagoa emango dio hemendik aurrera.
Gogora ekarri dute 2007an abiatu zutela egitasmoa, eta aurten 18. ediziora iritsiko dela EAEn "lehena eta bakarra" den antzerki amateurraren jaialdia.
"Martxan jarri zenetik, proiektuak denboran mantentzeko asmoa izan du, etorkizunari begira apustua eginez", nabarmendu dute. Arte eszenikoei egindako bultzada aipatzeaz gain, udalerriaren "dinamizazioan eta garapenean" izan duen eragina azpimarratu dute ere.
Saria eskaini diete modu batean edo bestean jaialdiarekin lan egin edo kolaboratu duten guztiei: tartean, udalbatza, langileak, babesleak eta boluntarioak aipatu dituzte, bai eta antzerki taldeak zein publikoa ere.