Asparreneko Udalak eraikin bat erosi du herriko plazan alokairu sozialeko zazpi etxebizitza egiteko. 290.000 euro inbertitu ditu erosketan, eta modu horretan, etxebizitza sozialen parkea bikoiztea aurreikusten du. "Orain, proiektuaren diseinuaren eta lanketaren lan ilusionagarria geratzen da aurretik, eta, ondoren, proiektua gauzatzea", esan du Txelo Auzmendi alkateak.
Gaur egun, 1.600 biztanle pasatxo dituen udalerriak alokairuko sei etxebizitza ditu, horietako bi mugikortasun murriztua dela eta irisgarritasun arazoak dituzten pertsonentzat.
Araiako erdiguneko plazan erositako eraikinak hiru solairu eta ganbara ditu, eta hainbat urtez hutsik egon da. Urigoitia familiaren etxebizitza zaharra da. Bertan, Ajuria y Urigoitia fabrikaren aitzindaria jaio eta bizi izan zen, eta familiak etxebizitza eta galdategiko bulegoen egoitza gisa erabili zuen, jauregia eraiki arte. Udal Antolamendu Planaren baitan babestuta dago eraikina, plazaren fisionomia duen eraikin bakarra delako, eta denboraren poderioz eta erabilerarik gabe hondatuz joan delako.
Udalaren helburua udal etxebizitza parkea handitzeaz beste, herriaren erdigunea ere biziberritzea da, beheko solairua merkataritza erabilerako erabiliko baita. Txelo Auzmendi Asparreneko alkateak nabarmendu duenez, "ez dago hain urrun eguna non plaza horretan harategia, arrandegia, mertzeria, janari dendak, hiru taberna edo etxetresna elektrikoen denda zeuden, baina Araiako herriko plazan, beste hainbat lekutan bezala, bizitza soziala galdu da".