Gaur egun, Asparrenean, menpekotasun arriskua duten eta oraindik autonomoak diren bederatzi lagunek Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua dute, astean hiru orduz. Hala ere, Asparreneko Udalak azaldu duenez, Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen sailak jarraibide bat igorri die Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei, zerbitzu hori kentzeko. Hala, hemendik aurrera, zero graduan sartzen diren lagun berrientzako –pertsona autonomoak edo menpekotasun arriskuan daudenak–, salbuespenezkoa izango da astean hiru orduko etxez etxeko arreta.
Asparreneko osoko bilkurak Arabako Foru Aldundiari eskatu dio agindu berri hori indarrik gabe uzteko. "Mendekotasun arriskuan dagoen erabiltzaileari etxean egoten laguntzen dion oinarrizko zerbitzua da, eta etxeko laguntza zein laguntza pertsonala eskaintzen dizkio. Azken batean, bere etxean egoteko eta komunitatean integratzeko aukera ematen dio, isolamendu egoerak saihestuz", azaldu du udalak. Horrez gain, udalak esan duenez, Arabako Foru Aldundiaren jarraibide berriak soilik landa eremuan izango du eragina, eta ez Gasteizen. "Agerian dago landa eremuko eta hiriburuko herritarrak ez dituztela neurri bakar batekin neurtu".