Aguraingo Udalak amiantoa duten instalazio eta eraikinen inbentarioa eta berau erretiratzeko plana egiteko izapideak hastea erabaki du, azken Tokiko Gobernu Batzordean. Lanaren emaitzak ekainaren erdialdean ezagutzea aurreikusten dute udal agintariek.
Apirilaren 15a, astelehena, izango da enpresek lanak kontratatzeko eskaintzak aurkezteko azken eguna eta lanen lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 26.080,70 eurokoa da. Guztira, Aguraingo 800 instalazio edo eraikin publiko eta pribatu inguru aztertuko dira kontratu horren bidez.
Lan horrekin, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean xedatutakoa beteko dute. Lege horrek ezartzen du udalek amiantoa duten instalazioen eta kokalekuen errolda bat egingo dutela eta, horrekin batera, amiantoa erretiratzeko plangintza eta egutegi bat ere osatzeko beharra dutela. Errolda eta egutegia publikoak izango dira, eta Eusko Jaurlaritzako osasun, ingurumen eta lan arloko agintari eskudunei bidaliko zaizkie. Horiek ikuskatuko dituzte, hurrenez hurren, erretiratu direla egiaztatzeko eta kudeatzaile baimendu bati bidaltzeko. Erretiratze horrek lehentasuna emango die instalazioei eta kokalekuei, arriskugarritasun maila eta biztanleria kalteberenarekiko esposizioa kontuan hartuta. Nolanahi ere, legean ezarritakoaren arabera, 2028a baino lehen kudeatu beharko dira arrisku handieneko instalazio edo eraikin publikoak.