Ubalza parke fotovoltaikoa herrietatik urruntzea eskatu du Aguraingo Udalak

Erredakzioa 2024ko mar. 21a, 08:00
Parke fotovoltaikoa Araban. PHOT.OK

Cañaveras Solar enpresak aurkeztu du proiektua, Iruraitz Gauna eta Agurain artean. Egileor eta Alaitzatik oso gertu dago.

Ubalza izeneko proiektu fotovoltaikoaren proiektuari alegazioak aurkeztu dizkio Aguraingo Udalak. Txostenean enpresari oinarrizko bi gai aldatzeko eskatzen zaio: batetik, planta ez dadila eraiki Egileor eta Alaitza herrietatik 500 metro baino gutxiagora; eta, bestetik, proiektutik kanpo utz ditzatela balio estrategiko handiko nekazaritza lurren 15 hektareak.

Ubalza proiektua Cañaveras Solar enpresak sustatzen du, 20 milioi euroko aurrekontuarekin. 21,30 MWeko potentzia duen planta fotovoltaiko bat da, eta 700 Wpeko 38.040 panel ditu.

Alegazioak udaleko arkitekto aholkulariak egindako txosten batean oinarritu dira. Hiru lursail Egileor herritik 400 metro baino gutxiagora daude, eta laugarren partzela bat Alaitza herritik 250 metro baino gutxiagora dago. Hala ere, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak, hasierako onarpenean, ezartzen du horrelako proiektuek, gutxienez, biztanle guneetatik 500 metrora egon behar dutela.

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak berak ezartzen du, halaber, 10 hektarea baino gehiago eta 5MWtik gorako potentzia instalatuta dituzten instalazio fotovoltaikoak baztertu egin behar direla balio estrategiko handiko lursailetatik. Eta kasu honetan, proiektuak hartzen dituen 54 hektareetatik 15 balio estrategiko handiko nekazaritza eta abeltzaintza eremu dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide