Sare Herritarraren IX. batzar orokorra egin dute Araian

Erredakzioa 2024ko mar. 12a, 06:00

Sare Herritarreko kideak, batzar orokorraren egunean. Argazkia: SARE

"Indarkerien zikloa ixtera" deitu du Sare Herritarrak, Asparrenean egindako batzar orokorrean. 2024an zehar, salbuespeneko arauekin amaitzea eta euskal preso eta iheslariak etxeratzea izango dira bere jardunaren ardatz nagusiak.

Joan den larunbatean, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko Sare Herritarrak bere IX. batzar orokorra egin zuen Araian (Asparrena). Azaldu dutenez, urtarrilaren 13an Bilbon izandako mobilizazioaren "arrakastaren" ostean, "indarberrituta" ekin diote urte berriari.

"Aldarrikapen demokratikoz bete genituen Bilboko kaleak, eta euskal presoei ezarritako salbuespeneko espetxe arauei bukaera emateko milaka herritarren ilusioa eta itxaropena sentitu genituen. Beste behin ere, euskal gizartearen zati handi batek duen elkarbizitzarako gogo eta konpromisoa argi geratu zen", azpimarratu dute Sareko bozeramaileek.

"Indarkerien zikloa itxi nahi dugu eta egiazko baketzea lortu, elkarbizitza eta konponbidea ekar ditzan, giza eskubideen eta bakearen kultura ezar dezagun. Indarkerien zikloa ez errepikatzeko benetako bermea litzateke hori", aldarrikatu dute. "Baikorrak gara. Aurrera goaz. Nahiko genukeen baino mantsoago, baina aurrera goaz. Euskal Herriko erakunde politiko eta judizialek diseinatu eta erraztu behar dute euskal presoak etxera itzultzeko ibilbidea. Euskal gizarteak definitu behar du hauen etxerako bidea. Eta horrek erabaki politiko ausart eta zuzenak eskatzen ditu".

Horregatik, espetxe politikan zein politika judizialean "salbuespeneko arauak desagertzea" exijitu dute. "Ez dira pribilegioak. Legezkotasun arrunta aplikatzea eta askatasunik gabeko pertsonei dagozkien eskubideak errespetatzea eskatzen dugu, ez besterik", azaldu dute.

Aurrera begira, bi ardatz

Araian egindako batzarrean, Sare Herritarraren egungo bi aldarrikapen nagusiei eusteko apustua egin dute: salbuespenen amaiera eta preso eta iheslarien etxeratzea. "Bi helburuak osagarriak dira: salbuespenei amaiera emanez, hainbat hamarkada espetxean daramatzaten presoentzako etxera biderako ateak irekiko ditugu", aldarrikatu dute. Halaber, 2024an zehar helburu horiek sendotzeko dinamikak adostu dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago