Dulantziko EH Bildu udal taldeak jakinarazi duenez, aldeko boza emango die udalerriko aurrekontuei, udal gobernuak bere proposamenak onartu ondoren. Zehazki, EH Bilduren sei proposamen onartu ditu gobernuak, ia 75.000 euroren balioarekin. Hala, Joseba Koldo Garitagoitiaren talde independenteak (DTI) aurrera atera ahal izango ditu kontuak.
EH Bildurekin onartutako proposamenen artean, partidarik handienak ingurumen teknikari bat kontratatzera bideratutakoa, 33.000 eurokoa, eta amiantoa duten instalazioen erregistro bat egiteari buruzkoa dira, 32.000 eurokoa. Horiekin batera, bizikleten garbitoki bat eta osoko bilkurak jarraitzeko telebista-sistema bat ere adostu dituzte. Tito Lasarte EH Bilduren Dulantziko bozeramailea pozik agertu da akordioagatik, eta DTIrekiko sintonia azpimarratu du. "Nabarmendu nahi dugu bi alderdien lankidetza ona izan dela, hauteskunde-programetan antzekotasun handiak genituen, eta, alde horretatik, errazagoa izan da. Udalean edozein aurrerapen geldiarazteko EAJren etengabeko erasoen aurrean, gure jarrera izan da laguntzea eta ekarpenak egitea", adierazi du. Programa-kointzidentzia horien artean nabarmendu ditu udal-baratzeak sortzea, kirol-esparruaren proiektua, plaza berritzeko proiektua edo energia berriztagarriei buruzko proiektuak.