40.000 eguzki-paneleko beste proiektu fotovoltaiko bat Lautadan

Erredakzioa 2024ko ots. 13a, 16:00

Guztira, 38.040 eguzki-plaka izango lituzke zentral fotovoltaikoak. Argazkia: Pixabay

Aguraingo Udalak alegazioak aurkeztuko dizkio Ubalza proiektu fotovoltaikoari, bere udalerrian eta Iruraiz-Gaunan hartuko dituen 50 hektareetatik hamalau "balio estrategiko handikoak" direlako.

Joan den ostiralean, otsailaren 9an, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialak (ALHAO) jendaurrean jarri zituen Agurain eta Iruraiz-Gaunako udal mugarteetan 26,63 MW-ko Ubalza eguzki instalazio fotovoltaikoaren eta hari lotutako ebakuazio azpiegituraren proiekturako aldez aurreko administrazio baimenaren eta ingurumen inpaktuaren adierazpenaren eskaerak. Kasu honetan, eskatzailea Cañaveras Solar SL enpresa da, eta proiektua gauzatzeko aurrekontua 20.699.717,17 eurokoa da.

21,30 MW-ko potentzia instalatuko instalazio fotovoltaikoa litzateke, eta Agurainen 700 Wp-ko 38.040 panel, 4,3 MW-ko lau inbertsore eta 4,1 MW-ko inbertsore bat jartzea ekarriko luke, bai eta 0,63/30 kV-ko eta 4,7 MVA-ko bost transformazio zentro ere. Halaber, instalazioaren barruan 30 kV-ko ebaketa zentro bat egongo litzateke.

Horrez gain, tentsio ertaineko lurpeko linea bat (30 kV) eraikiko litzateke ebaketa zentrotik Set San Millan azpiestaziora, Aguraingo eta Iruraiz-Gaunako udal mugarteetan.

Garraio sarerako ebakuazioa Red Eléctrica de España SAren ST Elgea gurutzagunean egingo litzateke, Set San Millan azpiestaziotik. Puntu horretara arte, ebakuazio azpiegitura Aixeindarrek sustatutako Azazeta parke eolikoarekin partekatuko luke, Set San Millan azpiestazio kolektorea (220/30 kV) handituta.

Alegazioak eta batzar irekia

30 egun balioduneko epean alegazioak aurkezteko aukera zabalik dago. Oraingoz, Aguraingo Udalak bere "kezka" agertu du, eta jakinarazi du alegazioak aurkeztuko dituela, proiektuak "balio estrategiko handiko hamalau hektarea" hartzen dituelako. Aguraingo udalbatzak mozio bat onartu zuen abenduan, enpresari eskatuz proiektua berrikusteko eta hektarea horiek kentzeko; guztira, Ubalza proiektuak 50 hektarea inguruko azalera hartuko du. Azkenik, Cañaveras Solarri udalerrian batzar ireki bat deitzea eskatu dio udalak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago