Asteazken honetan, Aguraingo eta Donemiliagako udalek adierazpen instituzional bateratua plazaratu dute, Lautadan gertatutako indarkeria matxistako kasu baten berri emateko. Izan ere, emakume batek sexu erasoa jasan du lan eremuan, Aguraingo enpresa batean.
Horren aurrean, bi udalek "gaitzespen eta arbuio irmoena" adierazi dute. Emakumeari "bakarrik ez dagoela" gogorarazi eta elkartasuna adierazi diote, gertakariak salatzeagatik izandako "ausardia" azpimarratuz.
Halaber, Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du ostiralerako, urtarrilaren 26rako, 19:00etan Aguraingo San Juan plazan, "indarkeria matxista gaitzesteko eta une latz hauetan eraso honen biktima den emakumeari laguntza eskaintzeko". Donemiliagako eta Aguraingo udalek beren atxikimendua eman diote mobilizazioari, eta parte hartzeko deia luzatu diete herritar guztiei.
"Komunitate osoaren babesa"
Zabaldutako oharrean, Agurain eta Donemiliagako udalek argi utzi nahi izan dute "pertsonen arteko berdintasunik eza dagoela halako erasoen oinarrian, baita emakumeak sexu kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak ere". Horregatik, hain zuzen ere, "pertsonen arteko berdintasuna" aldarrikatu dute bi toki erakundeek.
"Emakumeen duintasuna eta integritate fisikoa, sexuala eta psikologikoa eskubide urraezinak dira. Eskubide horien aurkako ekintzak erabat gaitzesgarriak dira, eta ez dute lekurik jendartean", gaineratu dute. "Oraindik asko dago egiteko indarkeria matxista desagerrarazteko borroka. Erakundeen eta gizarte osoaren inplikazioa beharrezkoa da, eta berdintasun politikak sustatzen jarraitu behar dugu". Azkenik, herritarrei dei egin diete "bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoari eusteko, inoiz baino gehiago erne jarraitzeko, biolentzia jasaten ari diren emakumeek erakundeon eta komunitate osoaren babesa jaso dezaten".