Arrain ugari hil dituen beste isurketa bat salatu dute Agurainen

Erredakzioa 2024ko urt. 22a, 18:00

Egileor ibaian kilometro bat baino gehiagoko isuri batek ehunka arrain hil duela ohartarazi du Zadorra Bizirik plataformak, eta agintari eskudunen "erantzunik eza" kritikatu du.

Joan den astean Arkautiko Akademian salatutako isuriaren ostean, Zadorra Bizirik plataformak jakitera eman du asteburu honetan beste isurketa bat gertatu dela, oraingoan Agurainen, Egileor ibaian. Horren aurrean bere "atsekabe eta arbuio sakona" adierazi du talde ekologistak.

Ohar batean azaldu dutenez, igande honetan atzeman zuten isurtzea, eta "arrain kopuru zehaztugabe" baten heriotza eragin du kilometro bat eta kilometro eta erdi arteko tarte batean, Egileor ibaiaren Zadorrako ibai-ahoraino. Aurrerago jakinarazi dute hildako arrainak "ehunka" direla, lau espeziekoak: ezkailuak, errutilo hegatsgorriak, mazkar arantzagabeak eta zarboak.

Antza denez, ezbeharra atzoko 17:00ak aldera gertatu zen: "Agintari eskudunen berehalako erantzun eraginkorra beharrezkoa zen, baina ez da halakorik gertatu", deitoratu du Zadorra Bizirik-ek. Aguraingo zenbait bizilagunen deia jaso ostean, 20:30ak aldera, plataformako hainbat boluntario bertaratu ziren, eta SOS Deiak 112 larrialdi zerbitzuari egoeraren berri eman zioten. Zadorra Bizirik kritikatu duenez, soilik suhiltzaileak agertu ziren, 21:00etan. "Isuria ibaian behera mugitu zen, eusteko eta arintzeko aukerak mugatuz. Beraz, ordurako ezin izan zuten ezer egin, eta handik alde egin zuten", azaldu dute.

"Etorkizunean antzeko egoerak errepika ez daitezen"

Bere aldetik, Ertzaintzaren patruila bat 22:00etan bertaratu zen, baina, plataformako kideen arabera, "laginik hartu gabe eta hildako arrainen berri inori eman gabe" alde egin zuen: "Ertzaintzaren erantzunik eza onartezina da, une kritiko batean patruilarik ez dagoela argudiatuta. Horrek ingurumen larrialdiak kudeatzeko baliabideak indartzeko premia agerian uzten du", kritikatu dute, gertatutakoaren inguruko "azalpen argia" eta "etorkizunean horrelako egoeretan atzerapenik egon ez dadin ekintza zuzentzaileak" exijituz.

URA agentziaren jarduna ere kritikak jaso ditu, Zadorra Bizirik-en arabera "hurrengo egunera arte" ez baitzuen esku hartu. "Atzerapen hori onartezina da, eta erakunde horrek ingurumen larrialdiei erantzuteko protokoloak berrikustea exijitzen du", talde ekologisten ustez. Azkenik, Arabako Foru Aldundiko langilerik bertaratu ez izanagatik "kezka handia" agertu dute.

Zadorra Bizirik plataformak agintari eskudunei eskatu die "berehalako neurriak" har ditzatela isurketaren eragina ebaluatzeko, garbiketa ekintzak martxan jartzeko eta arduradunak zigortzeko. Halaber, iragarri du "tinko" eutsiko diola Arabako ibaiak eta biodibertsitatea zaintzeko konpromisoari, eta kasua Fiskaltzan salatzeko aukera aztertuko du: "Gardentasuna eskatzen dugu gorabehera honen kudeaketan, bai eta prebentzio eta zuzenketa neurriak hartzea ere, etorkizunean antzeko egoerak errepika ez daitezen".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide