Arkautiko Akademian izandako gasolio isuria salatu dute

Erredakzioa 2024ko urtarrilaren 18a

Instalazioek Errekabarri errekarekin bat egiten duten tokian gertatu da isuria. ALPHABET

Ertzaintzaren instalazioetatik Errekabarri ibaira gasolioa isuri dela ezagutarazi du Zadorra Bizirik plataformak.

Ertzaintzaren Arkautiko Akademiaren instalazioetatik azken urteotan Errekabarri errekara izan den laugarren gasolio isuria gertatu zen hil honen hasieran, Zadorra Bizirik plataformak gaur salatutakoaren arabera.

Urtarrilaren 2an Errekabarri ibaira egindako gasolio ihesa atzeman zutenean isuriaren jarioa geldiarazteko neurriak hartu zirela dio plataformak; besteak beste, ibilguan hidrokarburoak xurgatzeko hesiak jarri zituzten. Halere, "isurketaren zati handi bat" akademiaren araztegian geratu zen, eta zisterna kamioien bidez xurgatu behar izan zuten.

Hilaren 7an, berriz, euriteek lurrean zegoen gasolio kopuru bat azaleratu zuten, "usain handia sortuz" eta errekan behera "kutsatzaileen kopurua" handituz. "Bereziki larria da gertakari honek nazioarteko garrantzia duten Salburuko hezeguneei eragiteko ahalmena duela", nabarmendu dute.

Ekologisten arabera, jazotakoak "agerian utzi du behin eta berriz axolagabekeriaz jokatu dela", eta horrelakoak berriro gerta ez daitezen neurri "eraginkorragoak" eta "behin betikoak" eskatu dituzte. Modu berean, isuria ikertzeko eta "gertatutakoaren larritasunarekin bat datozen zigorrak" ezartzeko eskatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago