Abian da AgurainGO Mugimendua, jarduera fisikorako orientazio zerbitzua. Doakoa izango da Aguraingo herritar guztientzat eta orientatzaile batek, pertsona bakoitzaren aukerak, beharrak eta lehentasunak kontuan hartuta, jarduerarik egokiena identifikatuko du, programa bat proposatuko du eta elkarrekin ezarritako helburuen betetze-mailaren jarraipena egingo du.
Erortzeko arriskua duten pertsonei eta 2. motako diabetes maila altua duten 35-55 urteko emakumeei eskainiko zaie zerbitzua lehentasunez. Hala ere, beste pertsona ez-aktibo batzuek ere erabili ahal izango dute zerbitzua, baldin eta ariketa fisikoa beren aukeren eta beharren arabera egiten hasi nahi badute.
Behin zerbitzua finkatuta, helburua izango da gero eta biztanleria-talde gehiagori zuzenduta egotea, eta Agurainen jarduera fisikoa eta gizarte harremanak sustatzeko hainbat jarduera eta ekintza egitea. Zerbitzua doakoa izango da, orientatzailea Imanol Vicente aguraindarra izango da (Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatua) eta ordutegia astearteetan 12:00etatik 14:00etara izango da Aguraingo Osasun Zentroan eta ostegunetan 17:00etatik 19:00etara Lezao Kirol Guneko gimnasio batean.
Zerbitzuaren ezaugarriei dagokienez hitzordua norberari dagokion medikuarekin hartu beharko da Osasun Zentroan eta, hala badagokio, orientatzailearengana bideratzeko. Orientatzaileak, elkarrizketa baten bitartez, pertsonaren profila ezagutu eta jarduera fisikoa egiteko dituen lehentasunak, beharrak, interesak edota oztopoak identifikatuko ditu. Azkenik, banakako programa bat eskainiko zaio bere beharrak, aukerak eta udalerriko baliabideak kontuan hartuta. Jarraipena eta ebaluazioa ere egingo da, kasuz kasu, ezarritako helburuak betetzen diren aztertzeko.