Donemiliagako aurrekontuen ardatzak: trantsizio energetikoa eta etxebizitza

Erredakzioa 2023ko abe. 31a, 06:00

Aho batez onartu dituzte aurrekontuak. Argazkia: Donemiliagako Udala

Donemiliagako Udalak 1,2 milioi euroko aurrekontua izango du 2024an, besteak beste, kirol instalazioak hobetzeko, trantsizio energetikoa bultzatzeko, udaletxea egokitzeko eta etxebizitza sustatzeko.

Urte amaierarekin batera, Donemiliagako Udalaren osoko bilkurak aho batez onartu ditu 2024rako aurrekontuak. Hamabost kontzeju biltzen dituen Lautadako udalerri horrek 1,2 milioi euro izango ditu inbertsioetarako zein ohiko gastuetarako. Erika Letamendi (EH Bildu) alkateak azpimarratu duenez, "kirol instalazioak hobetzea, trantsizio energetikoa bultzatzea, udaletxea bera hobetzea eta etxebizitza" dira aurrekontuen helburu nagusiak.

Inbertsio nagusien artean dago, besteak beste, kiroldegiko aldagelak eta komunak konpontzea, bai eta kantxa egokitzea ere. Horrez gain, udalerriko etxebizitzaren egoerari buruzko azterlan bat egingo dute, 10.000 euroko partidarekin, etxebizitza sustatzeko politikekin jarraitzeko abiapuntu gisa.

Gainera, udalak partida bat bideratu du udaletxea osorik eraberritzeko, irisgarritasuna betetzen duen eraikin bat izan dadin, bai eta espazio gehiago izateko ere, "udal teknikariek herritarren beharrei erantzun ahal izateko".

Bestalde, energia komunitateak eta energia autokontsumorako beste sistema batzuk bultzatzeko 80.000 euro bideratuko ditu udalak. Energetikoki independenteak diren eraikinetarako diru-laguntzak izango dituzte, eta udalerriko gazteen emantzipazioa errazteko plana egingo dute Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzarekin.

Azkenik, Donemiliagak aurreikusi du 68.000 euro bideratuko dituela Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko lanak finantzatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago