Abenduaren 12an, Iruraiz-Gaunak argi berdea eman zien datorren urterako aurrekontuei. Guztira 642.000 euroko proiektu ekonomikoa izango du udalerriak. Azken ekitaldian baino %37 gutxiago izango da hori, udaletxe berria birgaitzeko obrak 712.000 euroko inbertsioa exijitu duelako, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak lagundu duten arren.
2024ko inbertsiorik handienetako bat trantsizio energetikoan aurrera egiteko egingo da: 3.000 euro erabiliko dira udaletxean LED argiak instalatzeko, eta beste horrenbeste energia efizientzia hobetzeko.
Berrikuntzen artean bizikletak konpontzeko dorreak jartzea dago, eta garraiobide horren erabilera sustatzeko helburuarekin 2.000 euro inbertituko dituzte. Bestalde, suteak itzaltzeko ekipamenduak erosiko dituzte (8.000 euro), Iruraiz-Gauna udalerria osatzen duten hamaika kontzejuen artean banatzeko.
Batzar administratiboetako bizilagunen artean egindako inkesta baten emaitzei jarraituz, udalerriko jaia berreskuratzeko 5.000 euro gordeko dira. Horrez gain, udalerriko kirol eta kultur jarduerak sustatzeko beharra ere azaleratu du inkestak; hortaz, udalak 500 eurotan handituko du kirol jardueretarako partida, eta 6.000 euroko partida bat sartuko du ikastaroak eta jarduera soziokulturalak garatzeko. 65 urtetik gorakoek jarduera espezifikoak izango dituzte, eta horretarako 2.000 euroko beste partida bat sartuko dute.
Azkenik, administrazio batzarrek 11.000 euro izango dituzte obra txikiei ekiteko, eta gastu arruntetarako partida 1.400 euro handituko da.
Iratxe del Barco Iruraiz Gaunako alkatea (EH Bildu) pozik agertu da datorren ekitaldirako kontuekin, eta iragarri du lan egingo dutela "finantzaketa lortzeko eta administrazio batzarrek proposatutako beste proiektu batzuk egi bihurtzeko".