Energia berriztagarrien eredu "autoritarioa" salatuko dute Agurainen

Erredakzioa 2023ko abe. 19a, 13:45
Zentral eolikoen aurkako mobilizazio bat Agurainen, 2021ean.

Aguraingo udaletxean biltzeko dei egin die Aldundiak Lautadako udal eta administrazio batzarretako ordezkariei. Arabako Mendiak Aske plataformak mobilizazioa egingo du abenduaren 21ean, herrien erabakiekiko "errespetua" eskatzeko.

Arabako Foru Aldundiko Iraunkortasun, Nekazaritza eta Ingurune Naturala Sustatzeko Sailak Lautadako udal zein administrazio batzarretako ordezkariei zuzendutako hainbat informazio bilera deitu ditu, "gure lurraldearen garapen iraunkorrari eta etorkizun energetikoari buruzko informazioa emateko" helburuarekin.

Arabako Mendiak Aske plataformak elkarretaratze bat deitu du abenduaren 21erako, 16:45ean Aguraingo udaletxearen aurrean, bilera horiek salatzeko. "Zentzugabekeria bat da Ingurumeneko Fiskaltzak inputatutako Amaia Barredo diputatuak zuzendutako sailak orain energia berriztagarriei buruzko informazioa eman nahi izatea, bereziki eolikoari buruzkoa, eragindako herriek bat egin dutenean kolpe autoritarioz ezarri nahi duten zentral eoliko eta fotovoltaikoen ereduaren aurka", kritikatu dute.

"Kontzejuek eta udalek horri buruz hartu dituzten erabakiak errespetatzeko eskatzen dugu, eta manipulazio hutsalak alde batera uzteko", aldarrikatu du plataformak. "Benetako energia berriztagarriek ez diote kalte egiten bizitzaren oinarria den biodibertsitateari, eta ez dituzte lapurtzen etorkizunean elikatu ahal izateko beharko ditugun lurrak".

Arabako Mendiak Aske plataformak aipatutako erabakia hartu duten tokiko erakundeak dira, besteak beste, Iruraiz-Gauna, Asparrena eta Zalduondoko udalak, bai eta hainbat kontzejutako administrazio batzarrak ere: Trokoniz, Jauregi, Alaiza, Gazeo, Egilaz, Arrieta, Durruma, Mezkia, Añua, Okariz, Gauna, Zuhatzu Donemiliaga, Munain, Uribarri Jauregi, Heredia, Erentxun, Egileta, Azazeta, Ilarduia, Ametzaga, Opakua, Egileor, Arrizala, Alangua eta Langarika.

"Anima zaitez parte hartzera eta gure bizitzarekin zerikusirik ez duten energia enpresen mozkin irrika asetzea helburu duten politika horien aurka agertzera", dei egin dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide