Igamo taldean ariko da Ziortza Heredia araiarra

Erredakzioa 2023ko abe. 12a, 17:56

Kadete mailara igaro da txirrindulari gaztea. Argazkia: LOKATZA

2024 denboraldian hasiko da lehiatzen hainbat herritako neskak biltzen dituen Bergarako taldean. 

Aratz kirol elkartean ibili ostean, Ziortza Heredia Mendia txirrindulari araiarra Bergarako Igamo Packaging taldera igaro dela iragarri du ohar batean Lokatza Ziklismo Eskolak. 

Kirolean emakumeen ikusgarritasuna indartze aldera, hainbat herritako neska txirrindulariak talde berean biltzeko helburua dute Lokatza taldean. Azaldu dutenez, Gipuzkoan kokatuta egon arren, Arabarekiko harreman estua dute. Besteak beste, Igamo Packaging babesle nagusia Legution kokatutako enpresa dela gogora ekarri dute.

Hortaz, dagoeneko denboraldiaurrean "buru-belarri dabilen" txirrindulari araiarrak Edurne Ormaetxea aramaioarrarekin batera jardungo du. Sortu zenetik Igamo taldean dago Ormaetxea.

Abenduko zubian Nafarroan egindako kontzentrazio batean lanean hasi da Heredia, taldekide berriekin batera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago