Segurtasun Sailak ALEAri baieztatu dionez, ostegun honetako 17:15ak aldera trafiko istripu larri bat gertatu zen Aguraindik gertu. Ibilgailu batek txirrindulari bat harrapatu zuen Agurain eta Egino lotzen dituen A-3138 errepidean. Larrialdi Zerbitzuak bertaratu ziren, eta txirrindulari gaztea Txagorritxu ospitalera eraman behar izan zuten, larriki zaurituta baitzegoen.
Ostiral honetan, 10:30ak aldera, txirrindularia hil egin dela baieztatu dute Txagorritxu ospitaleko osasun langileek, eta horren berri eman du Euskadiko Txirrindularitza Federazioak 13:30ean. Hasiera batean harrapatutako gaztea adingabea zela zabaldu zen arren (Segurtasun Sailak hala adierazita), hildako gaztea Iñigo Diaz Sanchez aguraindarra zen, Aranako-Sima Cepial taldeko 19 urteko txirrindularia.
Antza denez, ostegunean etxetik entrenatzera atera zen, bizikletarekin, eta orduan harrapatu zuen ibilgailuak. Berarekin zihoan laguna zauririk gabe atera zen istriputik. El Correo egunkariak argitaratu duenez, Ertzaintzaren ikerketaren arabera, eguzkiak gidaria itsutu egin zuela da une honetan hipotesi nagusia.
Minutu bateko isilunea
Arabako Txirrindularitza Federazioak iragarri duenez, larunbat honetan Duran (Arratzua-Ubarrundia) eskola proba bat antolatuta dagoela baliatuz, minutu bateko isilunea egingo dute hildako Iñigo Diazen omenez. "Ekipamenduarekin eta besoko beltzarekin" joatera dei egin du federazioak: "Zuen asistentzia garrantzitsua da, batez ere entrenatzera irteten diren bakoitzean gure kirolariek duten arriskua ikusarazteko", azpimarratu dute federaziotik.
Atsekabetasun handiz jaso dugun albisterik txarrena.
— Euskadiko Txirrindularitza Federazioa (@ETXFed) November 24, 2023
ETxF osatzen duten 6500tik gorako txirrindulariren familiak dolumin eta besarkadarik handiena helarazi nahi dizkie Iñigo Diaz Sanchezen senide, lagun eta taldekideei.
Baita ere Aranako eta Arabarrak elkarteetako familia osoei pic.twitter.com/MuGXgdeP44
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!