20 euro, 15 euroren truke

Erredakzioa 2023ko aza. 20a, 11:58

Kanpaina sustatzeko 2020an geraleku batean marraztutako irudi bat. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Udalak Agurain Bono kanpainaren edizio berria abiatu du gaurtik aurrera. 2000 bonuak urtarrilaren 31 arte erabili ahalko dira. 

Herriko merkataritzan, ostalaritzan eta gainerako zerbitzuetan kontsumoa eta salmentak sustatzeko Agurain Bono izeneko kanpaina abian jarri du Aguraingo udalak, Lautada Bizirik ACICSA elkartearekin elkarlanean.

Bonuak gaurtik aurrera eskuratu ahalko dira, eta urtarrilaren 31 arte erabiltzeko moduan egongo dira. Orotara, 15 euroko balioa duten 2000 bonu jarri dituzte salmentan. Horiekin 20 euroko erosketak egin ahal izango dira herriko saltokietan, 5 euroko abantaila irabazita. 

"Aguraingo Udala jakitun da saltoki txikiek herriko bizitza sozioekonomikoan duten garrantziaz, eta diruz lagunduko du ekimena osorik, Lautada Bizirik ACICSA elkarteak Udalarekin duen hitzarmenaren bidez", iragarri du udalak ohar batean. 

Atxikitako establezimenduek kartel bat jaso dute, gaurtik aurrera erakusleihoan edo leku ikusgarri batean ipintzeko konpromisoarekin. Saltoki parte hartzaile guztien zerrenda udaleko web orrialdean jarri dute. Udalerrian erroldatuta dauden adin nagusiko pertsonek erosi ahal izango dituzte bonuak. Erroldatuta ez dauden helduek, berriz, abenduaren 20tik aurrera eskuratu ahal izango dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago