Hemendik aurrera hileta eta omenaldi zibilak egin nahi dituzten iruraiztar-gaunarrek Azilun dagoen Lanturri zentro soziokulturala erabiltzeko aukera izango dute azken agurra emateko. Ohar batean udalak ezagutarazi duenez, astearteko udalbatzarrean onartu dute horretarako aukera uzten duen ordenantza berria.
Iratxe del Barco alkatearen hitzetan, "udalerrian dagoen eskariari" erantzun nahi izan diote erabakiarekin. "Herritarren erlijio, ideologia eta kultu askatasuna" bermatu nahi izan dutela erantsi du, hori egiteko beste udalerri batera joan behar izan gabe.
Iruraiz-Gaunako Udalak zehaztu du ezin izango dela hileta egin gorpua bertan dela, baina bai errauts kutxa edo anforekin. Edozein egunetan 9:00etatik 20:00etara egiteko aukera egongo da. Bi ordu baino gutxiagoko iraupena izan beharko dute omenaldiek, eta ordu bakoitzeko 10 euroko tasa ordaindu beharko da. Megafonia, pantaila eta proiektagailua erabili nahi izatekotan, 100 euroko fidantza utzi beharko da.