Manta azpiko zine jaialdiak arrakasta berretsi du

Erredakzioa 2023ko urr. 30a, 12:31

Bigarren urtez egin dute Matuzine-Aitzurra Fest landa zinemaren jaialdia Maturako elizan. 'Tasio' eta 'Alcarras' filmak proiektatu dituzte.

Mantaren azpian eta krispetak soinean elkartu dira Maturako elizan Lautadako, Gasteizko eta deskuiduan atzerritik ere hurbildutako hainbat lagunek Tasio eta Alcarras fimak ikusteko. Bigarren urtez egin dute Matuzine-Aitzurra Fest landa zinemaren jaialdia Barrundiako herri txikian, eta pozik geratu dira ekimenak publikoaren artean izan duen harrerarekin. "Jende asko hurbildu zaigu, eliza bete egin da bi saioetan", esan du Iñaki Carretero Maturako bizilagunak.

Energia izan da jaialdi txikiaren gai nagusia. Hala, ostiralean proiektatu zuten Montxo Armendarizen Tasio pelikula, "ikatza energia iturria zeneko garaiak azaltzen dituen filma"; eta larunbatean, berriz, Alcarras drama katalana, eskaini zuten, Carla Simónek zuzendutakoa, "nekazarien familia drama bat, eguzki plakak jartzeko asmoaren inguruan familian sortzen diren bizipenak", azaldu du Carreterok. Proiekzioekin batera, Arratzua-Ubarrundiako bizilagun batekin solasaldia egin zuten, udalerrian eraiki nahi duten poligono fotovoltaikoaren inguruan hitz egiteko.

Carreterok azaldu duenez, asmoa dute hurrengo urtean zine jaialdiarekin jarraitzeko, eta herriko gazteak inplikatu nahi dituzte horretan.

Argazkiak: MATUZINE

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago