Agurain eta Irurtzun arteko bidea, gertuago

Juanma Gallego 2023ko urr. 13a, 06:00
Aparkalekuak eta bizikleta elektrikoetarako karga puntuak jarriko dituzte. Argazkia: ALEA

Aldundiak bizikleta bidea egiteko lizitazioa argitaratu du. Azpiegitura berriak aparkaleku eta karga puntu bina izango ditu.

Agurain eta Irurtzun lotzeko bizikleta bide berriaren lanek gehienez zazpi hilabeteko iraupena izango dute arabar zatian, eta, dena ondo bidean, zenbait hilabete barru abiatuko bide dira, aste honetan aldundiak lan horietarako lizitazioa argitaratu baitu.

Orotara, ibilbideak 63 kilometro izango ditu, eta horietako 16,8 Arabatik igaroko dira. Lanetarako aurrekontua 999.574 eurokoa da. Iazko azaroan EH Bilduk Madrilgo gobernuarekin negoziatutako inbertsioetako bat da, Espainiako aurrekontu orokorren kargura azpiegiturarako milioi bat euro bideratu baitziren.

Araba eta Nafarroako bizikleta ibilbideak lotuko ditu azpiegitura berriak, eta, horrez gain, kontinenteko alde atlantikoa zeharkatzen duen Eurovelo 1 linearekin batzeko aukera emango du. Azken honetarako, Done Jakue Bidea, Vasco-Navarro trenbideko bide berdea, Plazaolako bide berdea, eta Iruñeko bideak erabili ahalko dira.

Arabar pasarteari dagokionez, Agurainen hasiko da ibilbidea, A-3016 errepidean, Mezkiako sarbideraino. Handik Zalduondora abiatuko da. Araiatik eta Eginotik igaro ostean, Nafarroako mugaraino iritsiko da. Ahalik eta lur mugimendu gutxien eragiteko, ibilbidea lurraldearen morfologiara eta topografiara egokitu direla dio aldundiak landutako memoriak.

Lanetan, hondakinak kendu, landa bideetako zorua eta drainatzeak trinkotu, eta zuhaixkak zein bestelako elementu begetalak landatuko dituzte. Modu berean, bizikletentzako aparkaleku ziur eta bizikleta elektrikoetarako karga puntu bina jarriko dituzte bidean, momentuz horien kokaleku zehatza argitu ez badute ere.

Dagoeneko dauden bide eta errepideak erabiltzeaz gain, Egino eta San Pedro bidearen artean bide berria egingo dute, eta bi langa kanadar jarriko dituzte ere, abereak sartu ez daitezen. Informazio panelak eta herrietatik igarotzean denean zoru markak ere paratuko dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide