Garaion, 25 emakume sortzaileren lanen erakusleiho

Erredakzioa 2023ko urr. 3a, 10:30

25 sortzaileren lanak ikusi ahal izango dira urrian zehar. Irudia: Garaion

Aurten ere, 'Emakume sortzaileak plazara' egitasmoa jarri du martxan Garaion Sorginguneak. Joan den asteburuan hasita eta urrian zehar, egitarau zabala eskainiko dute hainbat emakume sortzailek.

Ozetako Garaion Sorginguneak iaz sortutako Emakume sortzaileak plazara ekimenaren II. edizioa abiatu du azken egunetan. Emakume sortzaileak erdigunean jartzeko asmoz, arte eszenikoak, hitzaldiak, kale antzerkia, dokumentalak, antzerki absurdoa, antzerki historikoa, antzerki garaikidea, marrazki bizidunak, flamenkoa eta beste proposamen asko eskainiko dituzte urriko asteburuetan.

Urrian zehar, musika, dantza, antzerkia eta performancearen arloko 25 sortzailek hamalau lan aurkeztuko dituzte Garaionen: Kamikaze Kolektiboa (Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Iraia Elias), Amaia Bono, Sonia Estevez, Askoa Etxebarrieta, Hanna Whetlan, Eguzki Donnellan, Marina Suarez, Maria Oses, Eider Beobide, Jone Bengoa, Ainhoa Alberdi, Itziar Manero, Jurdana Otxoa, Maider Lasa, Garazi Navas, Miren Narbaiza MICE, Itziar Garaluze, Tripak Kolektiboa (Marina Suarez, Natalia Suarez, Maite Mugerza eta Andrea Berbois), eta Mejillon Tigre kolektiboa (Eider Adeletxe eta Ane Zubeldia).

"25 artista lanean ezagutzeko aukera izango dugu, euren berri izan. Izan badirela, eta asko gainera, lan eta rol desberdinetan, eta oraindik ere, tamalez, izen hauek lau haizetara bidaltzeko behar handia dago", aldarrikatu dute antolatzaileek. "Datuak ez dira asko aldatu, zuzendari emakumeak egon badira baina askoz gutxiago".

"Berdintasun politikak martxan dira, eta neurriak gero eta gehiago aplikatzen dira, baina emaitzak oso poliki datoz, oso aldaketa txikiak bistarentzen dira oraindik", deitoratu dute. "Gu desagertzeko prest gauden festibal bat gara. Bi urtetik behin egiteko aukera lortu dugu momentuz, eta gure ametsa gero anitzekin osatutako festibal bat bihurtzea da, gutxituenei plaza eskainiz".

EGITARAUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago