Barrundiak 500.000 euro jasoko ditu Europako funtsetatik, Venta del Patio eskualdeko merkataritza-zentroa martxan jartzeko. Proiektuak, gainera, taberna jatetxe bat, biltegi bat eta turismo bulego bat izango ditu, eta 2024ko uztailerako izango da prest; 706.675 euroko aurrekontua izango du.
Udaletik azaldu dutenez, zehazki, 500.000 euro horiek eraldaketa digitalarekin, transformazio eta salmenta-puntuekin, jasangarritasunarekin eta ekonomia zirkularrarekin eta sentsibilizazioarekin eta prestakuntzarekin lotutako jardueretarako erabiliko dira. Hala, aplikazio mugikor bat eta webgune bat sortzea aurreikusten dute, ekoizleak kontsumitzaileekin harremanetan jartzeko, baita sustapen-kanpainak, eta inguruko produktuak ezagutarazteko urtero azoka bat antolatzea ere. Halaber, hoztutako armairuak jartzea aurreikusten da, produktuak entregatzeko eta jasotzeko gune gisa eta tokiko produktuak erakusteko showroom bat jartzea planteatzen da.
Bestalde birziklatzeko edukiontziak eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko gune bat ere egokituko dituzte. Azkenik, produktuen jatorriaren trazabilitatea hobetzen laguntzeko etiketa digitalen sistema bat sortzea, sentsibilizazio kanpainak egitea eta Venta del Patio ikusarazteko seinaleak jartzea izango dira diruz lagunduko diren bestelako ekintzak.
Igor Medina Isasa Barrundiako alkateak dirulaguntza honekin 2019an abiatu zen proiektuari bultzada ematen zaiola azpimarratu du. Orduan, Udalak higiezin hori erosi zuen, eta, ondoren, eraikin nagusia eraitsi zuen. "Kokapen estrategikoa du -errepidearen ondoan eta Garaiotik gertu-, turismoa erakartzeko eta, batez ere, gure udalerria eta bertako ekoizleak ezagutarazteko", gogoratu du.