Indarkeria matxista atzean utzi duen emakume bati babesa emango diote Agurainen

Erredakzioa 2023ko uzt. 12a, 16:00
Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat Agurainen. Argazkia: Aguraingo MF

Emakumeak indarkeria fisikoa, psikologikoa eta ekonomikoa jasan izan du azken urteetan, eta egoerarekin amaitzea erabaki du. Mugimendu Feministak eta Aguraingo Udalak babesa adierazteko elkarretaratzea deitu dute ostiralerako.

Raul Lopez de Uralde Baltasar Aguraingo alkate berriak, udal bando baten bitartez, udalerriko emakume baten kasua ezagutarazi du. "Duela urte batzuk jasaten ari zen indarkeria egoerarekin amaitzea erabaki du; indarkeria fisikoa, psikologikoa eta ekonomikoa, hain zuzen ere", dio oharrak.

Horren aurrean, Aguraingo Mugimendu Feministak emakumeari babesa emateko elkarretaratzea deitu du ostiralerako, uztailaren 14rako, San Juan plazan, 19:00etan.

Udalak ere mobilizazioarekin bat egitera dei egin die udalerriko herritar guztiei, indarkeria matxista gaitzesteko eta "une latz hauetan indarkeria jasaten duten emakumeei, haurrei eta, oro har, adingabeei babesa emateko". Mugimendu feministaren deialdira atxikitzeaz gain, Udalak elkartasuna adierazi dio emakumeari, baita bere familiari ere, eta gogorarazi nahi izan dio "ez dagoela bakarrik".

"Emakumearen ausardiari balioa eman nahi diogu, aspalditik bizi zuen indarkeria zirkulua apurtzeko urrats hori emateagatik", gaineratu du EH Bilduko alkateak. "Gertakarien jatorria emakumeak zapalduak eta kontrolpean eduki nahi dituztenen jarrera eta ideia matxistetan dago oinarrituta. Horregatik guztiagatik, beste behin ere, pertsonen arteko berdintasuna aldarrikatzen dugu".

"Emakumeen duintasuna eta integritate fisiko zein psikologikoa eskubide urraezinak dira. Eskubide horien aurkako ekintzek ez dute lekurik gure jendartean", adierazi du alkateak. "Aguraingo Udalak herritarrei eskatzen die bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoari eusteko, inoiz baino gehiago erne jarraitzeko, biolentzia jasaten ari diren emakumeek erakundeon eta komunitate osoaren babesa jaso dezaten".

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide