Araiako antzerki jaialdiak 13 antzerki konpainia ekarriko ditu aurten, abuztuaren 11tik 15era bitartean, eta, gainera, Arabako herrietako zirkuitua mantenduko du abuztuan zehar, 23 herri batuta.
Urtero bezala, kaleko eta barruko ikuskizunak egongo dira: lehenengoak, Araian antzezteaz gain, jaialdiaren zirkuitu ibiltariaren parte izango dira eta Arabako hainbat herrietatik ibiliko dira; bigarrenak Araiako Arrazpi Berri kiroldegian bakarrik ikusi ahal izango dira. Barruko obra horien artean lehenengo lanak iragarri dituzte; horien artean izango da Alfredo Sanzolen La Ternura, 2019an muntaia onenaren Max Saria irabazi zuen abenturazko komedia erromantikoa.
Umorea, familia eta intriga dira jaialdiaren beste lan baten gakoak: Familia Sarekada, Interneteko pribatutasunaren jazarpenaren garaiko komedia katartikoa. Lan honetan, Delitu Informatikoen Unitateko komisario bat villaorduñatarren etxean sartu eta lau kideak atxilotuko ditu. Hasiera batean, denek dirudite egozten zaizkien delituen errudun, baina pixkanaka ikusiko da akusazioen oinarri diren artxiboak ez direla diruditenak. Nerea Gorriti, Mikel Laskurain, Ainhoa Aierbe eta Xanti Korkostegi dira protagonistak, Aitziber Garmendiaren kolaborazio bereziarekin.
Antzerki jaialdiaren 30. edizioa izango da aurtengoa, eta urteurrena ospatzeko erakusketa bat antolatuko dute Araian, abuztuaren 12tik 15era. Edizio guztietako kartelak, urte bakoitzeko argazki-albumak eta material grafikoz osatutako proiekzio bat egongo dira ikusgai bertan.
Laster iragarriko dituzte jaialdiaren kartela, egitarau osoa eta barne ikuskizunetarako sarrerak erosteko modua.