Ozetako jaiek agurtu dute udaberria

Erredakzioa 2023ko eka. 20a, 11:00

Ekainaren 16an, 17an, 18an ospatu dituzte Ozetako jaiak: askotariko bazkak, kalejirak, erromeriak, txarangak, txapelketak eta Txerrikumeak eta Lisker taldeen kontzertuak izan dira, besteak beste. Hilaren 23an eta 24an jarraituko dute, San Juan gaueko suarekin.

Martxan dira udako solstizioaren inguruan, bi asteburutan, ospatzen diren Ozetako jaiak (Barrundia). Bizilagunak gogo handiz prestatu dute aurtengo programa, berriz ere elkartu eta ospatzeko asmoz. Urtero bezala, aurreko asteburuan, ekainaren 10ean herria garbitzen egon ziren, baita txosna, txokoa eta agertokia prestatzen ere.

Gainera, bizilagunek Laura Ugarte 29 urteko gaztea hautatu dute aurtengo Neska Nagusia (Moza Mayor, gaztelaniaz) izateko, herri gutxitan mantentzen den jai kargu tradizionalari eutsiz. Saskibaloi egokituko Zuzenak taldeko jokalaria da Ugarte, eta azken egunetan Dubain (Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan) egon da, Munduko Saskibaloi Txapelketa jokatzen; itzuli arte, Endika Ruiz de Samaniego ordezkatu du.

Bost jai egun

Ostiralean, ekainaren 16an, hasi ziren ospakizunak, eta herriak 200 biztanle inguru dituen arren, askoz jende gehiago hurbildu zen asteburuan zehar, batez ere larunbatean. Askotariko jarduerak izan dituzte: askotariko bazkak, kalejirak, suziriak, beer pong, erakusketak, herri kirolak, erromeriak, txarangak, txapelketak, pintxopotea...

Eskaintza musikalari dagokionez, Joxe Mendizabalen erromeriak girotu zuen herria ostiralean, 00:30etik aurrera. Larunbatean, Txerrikumeak taldearen txanda izan zen, 23:30etik aurrera; ondoren, 01:00etatik ordu txikiak arte, Lisker taldearen berbenari esker gaupasari ekin zioten, azken 25 urteetan egin duten bezala. Gauari amaiera eman zion DJ Berix-ek, 05:30etik aurrera.

Larunbat arratsaldeko eguraldiak hainbat ekintza bertan behera uztera behartu zuen jai batzordea, baina iluntzean atertu zuen eta parrandarekin jarraitzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.

Hala ere, festa ez zen igandeko jarduerekin amaitu. Izan ere, hurrengo ostiralean, ekainaren 23an, herri askaria egin eta San Juan sua piztuko dute. Festak amaitzeko, larunbatean, hilaren 24an, meza, kalejira, herri bazkaria eta jaien amaierako traka izango dituzte.

EGITARAUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago