Hasiera-hasieratik, bisitariek ez dute erraz izango, baina hori da asmoa, hain zuzen ere: lehen unetik bertatik enigmak argitzen denbora dibertigarri bat ematea. Audikana herrira iritsi bezain pronto hasten da erronka, ihes gela bera aurkitzea izaten baita argitu beharreko lehen kontua. "Autotik jaitsi eta gutxira, bisitariek kutxa bat aurkitzen dute, eta hori irekitzeko kodea aurkitu behar dute", azaldu du Lautada Puzle Roomeko arduradun Kontxi Jimenezek.
"AZKENEAN, PISTAK EBATZI ETA PLANETA SALBATZEKO GAI DIRA BISITARIAK".
KONTXI JIMENEZ, LAUTADA PUZLE ROOM
Argitu beharreko lehen enigma da hori, baina ihes gelara iritsi orduko bestelako arazo potoloagoak azaleratzen dira: etorkizunera jauzi egiten da, telesail distopiko horietako batean bezala. Baina ezberdintasun nabarmena dago hemen, protagonistak ez direlako aktoreak, ihes gela xume baten bisitariak baizik.
Istorioaren abiapuntua ez da alaitzeko modukoa: etorkizuneko une batean, planeta hondamendiaren atarian dago, klima aldaketa dela eta. Abiapuntua iluna izan arren, emaitza guztiz argitsua da, gizateriak beti erakutsi dituelako une latzetatik onik ateratzeko borondatea eta kemena. "Asko ezin daiteke aurreratu, baina aitortu ahal dizut jendeak jokoaren pistak ebatzi, eta planeta salbatzeko gai izaten dela", argitu du Jimenezek.
Askotariko probak gainditu behar dira misio hori burutzeko, eta, bizitza errealean bezala, horretarako talde lana ezinbestekoa da. "Zazpi urtetik aurrera, adin guztientzako jarduna da hau. Txikienentzako zailagoak izan daitezkeen probetan helduek lagundu ahal dute. Bisitari guztiak adingabekoak diren kasuetan, ordea, normalean nik neuk laguntzen diet". Askotan, laguntzea baino, "gidatzea" da gaztetxoek duten beharra. "Taldeko batek pista bat aurkitzen duenean, pista horren inguruan pilatzen ohi dira, urduri. Horregatik, nik bideratzen ditut, beste probak ere gainditu behar dituztelako". Ez despistatzea funtsezkoa da planeta salbatzeko ahalegin horretan, misioak 60 minutu inguru irauten duelako. "Enigma horien atzean istorio bat dago, eta enigmak ebazten diren heinean, pixkanaka istorioa eratzen doa".
Turismo jasangarria
Herrian bertan lan egiteko erabakiak eraman zuen Jimenez ihes gela sortzera. "Herri txiki eta lasaia da hau, inguru paregabe batean dago. Beraz, turismoa sortzen da, baina modu jasangarrian", argitu du arduradunak, planeta zaintzea joko bat baino askoz harago doala jakitun. "Gehienez bost laguneko taldeak izan ohi dira, eta, ihes gelara bisita egin ondoren, aukera dute ingurua bisitatzeko: besteak beste, mendi ibilaldiak, Gebarako gaztelua, trikuharriak, jatetxeak... denetarik dago".
Jimenezek nabarmendu du guztientzat irekita dagoela ihes gela, mugikortasun urria duten lagunentzat egokituta dagoelako. Haurdun dauden emakumeek edo haurtxo txikia dutenek ere ez dute arazorik izango parte hartzeko, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez eskaintzen den jardun horretarako". Lehen pista erraza da: 699 544 088 telefonoa edo salaescapelautada.com.
Zure erakundea ere ALEAkide profesionala izatea nahi duzu? Informazio gehiago hemen.