Segurtasun Sailaren Trafiko Zerbitzuak asteazken honetako 16:15ak aldera baieztatu du "istripu larria" gertatu dela A-1 errepidearen 381. kilometroan, Agurain parean, Madrilgo noranzkoan, zisterna-kamioi baten eta bi autoren artean. Autobia bi noranzkoetan itxi behar izan du Ertzaintzak (Gasteiz/Madrilgoa eta Iruñekoa).
Segurtasun Sailaren bitartez ALEAk baieztatu duenez, 61 urteko gizon bat hil egin da, kamioiaren gidaria, eta autoetan zauritutako beste bi lagun Txagorritxu eta Santiago ospitaletara eraman dituzte Larrialdi Zerbitzuek. Talkaren eraginez, Quimicos Felices S.L.U enpresaren kamioiak su hartu du errepidearen erdian.
Ertzaintza, anbulantziak, osasun langileak, Babes Zibila, suhiltzaileak eta Osakidetzako helikoptero bat bertaratu dira, biktimak artatu eta istripuaren ondorioz piztutako sua itzaltzeko.
Arratsalde eta gauean zehar auto ilara luzeak izan dira: zazpi kilometrokoak Irungo noranzkoan; eta hiru kilometrokoak Madrilgo noranzkoan. Trafikoa A-3138 errepidetik desbideratzen ari dira. Ostegun goizean zehar trafikoaren normaltasuna berreskuratu da.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du istripuaren nondik norakoak argitzeko.
2023an, 24 lan istripu hilgarri
Garraiolariaren heriotza lan istripu hilgarri gisa salatu dute sindikatuek. LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea deitu dute ostiralean, hilaren 2an, 12:00etan Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Prekarietatea hiltzailea! Lan istripu gehiagorik ez! lelopean.
LAB sindikatuaren datuen arabera, azken heriotza horrekin dagoeneko 24 langile hil dira 2023an Euskal Herrian, lan istripu hilgarrietan; eta horietako bost garraiolariak ziren. Arabari dagokionez, gure lurraldean bost langile hil dira lan istripuz urteko lehen hilabete hauetan.
"Garraioaren sektorea da laneko ezbeharren gaitza gehien pairatzen dutenetako bat", ohartarazi du LABek. "Ez gara nekatuko lan istripuak lan baldintza txarren eta prebentzio zein segurtasun neurri faltaren ondorio direla salatzeaz. Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan baldintzak, lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzek elikadura osasuntsua eramateko sortzen dituen trabak...".
ELA sindikatuak ez du beste sindikatuen mobilizazioarekin bat egin, eta beste elkarretaratze bat deitu du, astelehenean, ekainaren 5ean, 12:00etan Gasteizko Conde Peñaflorida plazan, Arabako Foru Aldundiaren egoitza den Probintzia Jauregiaren atzean.
"Euskal garraio sektorea osatzen duten garraiolari asko autonomoak dira, eta horrek kateko azken muturrean jartzen ditu", azpimarratu du, bere aldetik, ELAk. Sektorearen arriskuen artean, besteak beste, "lanordu nekagarri eta amaigabeak, atseden falta, errepide sarearen egoera txarra eta ibilgailuen mantenu falta" aipatu ditu sindikatuak. "Urteetan zehar administrazioen utzikeria dela eta, gidari nahiz garraiolarien lan baldintzak hobetu ezean okertu egin dira. Garraiolarien lan istripuak ez dira maiz estatistika ofizialetan kontuan hartzen eta errepide istriputzat jotzen dira".
#Istripularria #A1 Km 381 #Agurain-en Madrilgo norantzan errepidea itxita, #Autopilaketak
— Trafiko (@trafikoaEJGV) May 31, 2023
Accidente grave #A1 Pk 381 #Salvatierra sentido Madrid carretera cortada, retenciones.
011☎️#Trafikoa pic.twitter.com/PfAI76faWj
#istripularri grave accidente entre camiones en la #A1 pk 381 a la altura de Agurain sentido #Gasteiz. Autovía CORTADA en ambos sentidos. Servicios de emergencias trabajando en el lugar. pic.twitter.com/8sEMVagtIe
— TESaraba (@TESaraba) May 31, 2023
Accidente A.1 pic.twitter.com/5ux1lvHw1M
— Arabako Foru Suhiltzaileak (@BomberosAraba) May 31, 2023