Gazte Egunerako karpa bat jartzea exijitu diote Aguraingo Udalari

Erredakzioa 2023ko mai. 18a, 13:15

Astean zehar mobilizazioak egin ditu Aguraingo Latsarri Gaztetxeak, Udalari eskatzeko larunbatean ospatuko duten Gazte Egunean karpa bat jartzea. Besteak beste, elkarretaratzea, kanpaldia eta manifestazioa egin dituzte.

Maiatzaren 20an Aguraingo X. Gazte Eguna antolatuko du Latsarri Gaztetxeko asanbladak, eta bi aste beranduago Neska eta Blusen Eguna ospatuko da. Ospakizun baterako zein besterako karpa bat jartzeko eskaerari uko egin dio Udalak, gazte asanbladak salatu duenez.

"Hilabeteak eman ditugu lanean, eta herri osorako eskaintza zabala prestatu dugu, bereziki bertako gazteontzat", azpimarratu dute gazte asanbladako kideek. Besteak beste, sortzaileen azoka bat, 200 gazte ingururentzako bazkaria, gazte olinpiadak, Ziztada & Rlantz, Hofe x 4:40 eta Toc taldeen kontzertuak eta DJ Pezon musika jartzaileen emanaldia izango dira larunbatean.

"Eguraldiaren ondorioz eta egindako inbertsioa kontuan hartuta, Udalari plaza estaltzeko karpa jartzea eskatu genion. Hasieratik Udalaren erantzuna ezezkoa izan zen, karpa muntatzeko enpresa pribatu bat kontratatu behar dutelako; izan ere, lan horretarako beharrezkoa den segurtasun baldintzak ez dituztelako", azaldu dute.

Bi aste beranduago Neska eta Blusa Eguna ospatuko dela kontuan hartuta, Gaztetxeko kideak Neska eta Blusen Batzordearekin harremanetan jarri ziren, eta orduan jakin zuten haiei ere karpa uzteari uko egin ziola Udalak. Hortaz, joan den ostegunean, maiatzaren 11n, eskaera bateratua egin zuten bi eragileek, oraingoan bi astez muntatuta uzteko proposamenarekin. "Erantzuna ezezkoa izan zen berriro, ezer negoziatzeko ahalegin txikiena ere egin gabe", kritikatu dute.

Mobilizazioak

"Udalaren jarrera onartezina dela uste dugu, baina esan behar dugu ez gaituela harritzen, azken urteko jaietan izandako jarrera ikusita", deitoratu dute. Izan ere, protesta ugari izan ziren eta dozenaka lagunek eserialdia egin zuten txupinazoan, jaien programazioaren zein kudeaketaren inguruan izandako tirabiren ondorioz, bereziki urtero plazaz plaza eta lokaletik lokalera antolatzen den afari ibiltariarengatik. "Hilabete batzuk beranduago, jarrera berdina erakutsi dute", diote.

Horren aurrean, Udalari "hartutako erabakia berriz aztertzea" eskatu diote, eta aste honetan zehar elkarretaratze bat (astelehenean), kanpaldi bat (asteartean) eta manifestazio bat (asteazkenean) egin dituzte, Gazteok blai, udalak jai lelopean.

Atzoko manifestazioa Alde Zaharretik igaro zen eta udaletxearen aurrean amaitu; bertan urez betetako puxikak bota zizkioten udal eraikinari. Azkenik, larunbateko egitarauan parte hartzera dei egin zuten.

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide