Maiatzean itzuliko da Mitxarro Bira mendi lasterketa

Erredakzioa 2023ko api. 18a, 09:00
Mitxarro Biraren aurreko edizio bat, Araia inguruko lurretan. / Argazkia: MITXARRO BIRA

Mitxarro Bira Araiako trail lasterketa maiatzaren 21ean ospatuko da aurten. Mendi ibilaldi zein lasterketa kategoria ezberdinetan izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 12ra arte.

Gero eta gertuago dago Mitxarro Biraren VIII. edizioa. 2015ean hasi ziren egiten Araiako mendi lasterketa ospetsua, eta 2020an Covid-19aren pandemiaren ondorioz bertan behera gelditu ostean, 2021ean berrekin zion Lautadako bideak astintzera. Azken urteetan, Oihana Kortazar, Maite Maiora, Aritz Kortabarria, Iñaki Olano, Xabier Lete eta bertakoak diren Jaione Mendijur edo Aitor Arenaza bezalako irabazleak utzi ditu probak.

Altzania Mendi Kluba elkarteak bi proba mota antolatu ditu maiatzaren 21erako (igandea), aurtengo Mitxarro Biraren barruan. Alde batetik, mendi martxak izango dira, luzea (27,5 kilometro eta 1.775 metroko desnibel positiboa) eta motza (19 kilometro eta 900 metroko desnibel positiboa). Biak 07:00etan abiatuko dira Araiatik; ibilaldi luzearen kasuan, Olano, Arbarrain, Zamaka, Artzanegiko Lepoa, Aitzabal, Zalkorta, Umandia, Allaitz, Allarte, Imeleku, Aratz, Askazaroi, Iturriotz, Azpilleta eta Ferreriaburutik igaroko dira, 16:00ak baino lehen (probaren amaiera) Araiara itzuli aurretik.

Bestetik, lau kategoria izango dira mendi lasterketatan: 09:00etan irtengo dira kadete (11 kilometro eta 650 metroko desnibela), gazte (13 kilometro eta 850 metroko desnibela) eta juniorrak (16 kilometro eta 1.000 metroko desnibela); senior kategoriako lasterkariek, berriz, 09:30ean ekingo diote ibilbideari, Arabako Mendi Lasterketen Kopa jokoan. Lasterketa guztiak 14:30ean amaituko dira.

Izen-emateak

Urtarrilaren 16an ireki zen izena emateko epea, eta maiatzaren 12ko 23:59ak arte izango da zabalik. Nolanahi ere, epe hori laburtu ahal izango dute antolatzaileek, baldin eta lasterketarako 350 partaideko gehieneko mugara iristen bada; ibilaldien kasuan, berriz, muga hori 200 parte-hartzailekoa da, antolakuntza arrazoiengatik.

Izena emateko kuota 20 eurokoa da mendizale federatuentzat, eta 25 eurokoa federatu gabekoentzat (istripu asegurua barne). Kirol Probak da aurtengo ordainketa plataforma, eta webgunean bertan dago mendi lasterketaren araudiaren inguruko informazio guztia. Probaren egun berean izena ematea soilik mendizale federatuen kasuan onartuko da, 25 euroko prezioan eta parte-hartzaileen kupoa bete ez bada.

Halaber, mitxarrobira@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez informazioa eskatu ahal izango da ere.

IBILBIDEA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide