Azkenean, Arabako eskari historikoa gauzatu eta maiatzaren 4an martxan jarriko da Agurain eta Gasteiz arteko autobusa. Gasteiz, Dulantzi eta Araia lotzen dituen Alavabusen 5. linearen barruan izango da ibilbide berria, bi noranzkoetan. "Agurainen bizi diren arabarrei garraio publikoko zerbitzua hobetzeko" helburuarekin, eguneko espedizio kopurua 17 eta 11 artekoa izango da noranzko bakoitzeko, lanegunetan eta asteburuetan, hurrenez hurren.
Zerbitzu berriaren erabiltzaileek BAT, BARIK eta MUGI txartelekin ordaindu ahal izango dute, eta horien bidez deskontuak eskuratu: %20ko ohiko deskontua eta Aldundiak ezarritako %50eko ezohiko murrizketa gehigarria.
Carlos Ibarluzea Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatua eta Bernabe Ciriza Nafarroako Lurralde Kohesioko kontseilaria bildu dira aste honetan, historikoki Nafarroako Gobernuak eman izan duen zerbitzu bat Arabako Foru Aldundiak bere gain hartzeko hilabete falta denean. Aldaketa bat etorriko da Nafarroako Gobernuak Iruñea-Gasteiz emakida berria abiaraztearekin, bi erakundeek 2021ean sinatu zuten hitzarmena aplikatuz.
Azaldu dutenez, linea berriari esker, urtean 65.000 bidaiari inguruk Alavabusen 5. linea erabiliko dute, eta datozen urteetan hazten jarraitzea aurreikusi dute. "Maiztasunak areagotzeaz gain, Agurain eta Gasteiz arteko konexioan zuzeneko bi bidaldi sartuko dira goizeko 08:00ak eta 09:00ak baino lehen, Arabako hiriburura iristeko eta, horrela, Agurainen bizi diren pertsonen mugikortasun beharrei erantzuteko. Dulantzi, Araia, Burgu eta Zalduondo ere zerbitzuak areagotzearen eta maiztasun erregularragoen onurez baliatuko dira", azaldu du Ibarluzeak.