Urre koloreko txakal bat aurkitu dute Araban, auto batek harrapatuta

Erredakzioa 2023ko mar. 29a, 18:30

Urre koloreko txakala oso hedatua dago Eurasia hegoaldean eta Afrika iparraldean. / AFA

Kanidoen familiako Canis Aureus espezieko txakala Iberiar penintsulan egiaztatutako lehenengo kasua da. Urtarrilaren 8an detektatu zuten, A-1 errepidean auto batek harrapatuta, Agurain parean.

Arabako Foru Aldundiak egiaztatutzat eman du urtarrilaren 8an, igandean, A-1 errepide nazionalaren 379 kilometro-puntuan, Agurainen, auto batek harrapatuta aurkitutako animalia urre-koloreko txakal bat zela; zehazki, kanidoen familiako Canis Aureus espezieko ale bat, Iberiar penintsulan egiaztatutako lehenengoa.

Kanido mota hori ohikoa da Balkanetako penintsulan, baina XX. mendearen amaieratik hona herrialde mugakideetara hedatuz joan da. Hortaz, Aldundiak "harridura" agertu du ustekabean Araban agertu izanagatik, ibilgailu batek zoritxarrez harrapatu izanaren ondorioz.

Animalia galtzadatik atera ondoren —garezurra eta aurpegia txikiturik zituen—, azterketa sakonagoa egiteari ekin zioten zer espeziekoa zen zehazteko: "Otso iberiarraren ale bat edo txakurrarekiko hibridoa izan zitekeen", azaldu du Aldundiak. Hala ere, foru erakundearen menpeko Martiodako Basa Fauna Suspertzeko Zentroan egindako nekropsiak eta analisiek aditzera eman zuten txakal ale bat izan zitekeela. Gainera, urdailean aurkitutako hondarrek —ileak eta basurde puskak— ziurtatu zuten ezin zitekeela izan itxian hazitakoa.

Nolakoa izan da prozesua?

Hurrengo urratsa hipotesi hori ziurtatzea zen, suposatzen zuen berritasunagatik. Beraz, kanidoaren analisi genetikoa egitea erabaki zuten, belarri eta ilearen laginak hartuz, EHUko Gasteizko Farmazia Fakultateko Zoologia eta AZB Sailak espeziea "zalantzarik gabe" identifikatu ahal izateko. Bertan, DNA genomikoa atera eta araztu egin zuten, erauzketa-protokoloari jarraituz. Ondoren, PCR (Polymerase Chain Reaction) teknikaren bidez, DNA mitokondrialaren kontrol eremuari dagokion zati bat zabalagotu zuten.

"Sekuentziatutako bi laginen kromatogramak lortu ondoren, haien zuzenketa eta muntaketa egin ziren, espezie bati esleitzeko, eta lortutako sekuentzia bakoitza alderatu zen GenBank datu-basean hainbat haragijale espezierentzat gordailatutako erreferentziako sekuentziekin. Lortutako emaitzen arabera, aurkitutako animalia Canis Aureus (urre koloreko txakala) espeziearen ale bat da", ondorioztatu dute.

Basoetako mamua

Urre koloreko txakala bitarteko tamainako haragijale bat da, oso hedatua Eurasiako hegoaldean eta Afrikako iparraldean. 1960ko hamarkadan gainbeheraldi bat izan ondoren, espeziea suspertu egin da, eta, aurreko banaketa eremua birkolonizatu ez ezik, beste eremu batzuetara hedatzea ere lortu du. Espeziea azkar ari da aurrera egiten Europan; eskala handiko gertakari bat da, beste haragijale handi batzuenaren antzekoa.

"Moldakortasun ekologiko handia dute, eta gizakia nagusi den inguruneetan aurrera egiten dute. Badirudi espezie honen banaketa eremua aldatzeko eragina duten faktore nagusiak antropogenikoak direla, argi eta garbi", azaldu dute Aldundiko teknikariek. "Gorpu-jaleak, ugaztun txikien harrapariak direnez eta elikadura orojalea dutenez, haien presentzia oharkabean geratzen da. Horrengatik, basoetako mamua esaten zaio".

"Europako herrialde askotan, Estoniatik Frantziaraino, animalia erratikoen presentziaz dagoeneko ezaguna eta dokumentatua dena baieztatzen du. Horregatik, oso probablea da urteak igarotzea Araban eta Iberiar penintsulan kanido honen berririk izan gabe", azaldu du Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko Foru diputatuak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago