Gazteen Dantza Topaketa, ekainaren 30etik uztailaren 2ra Araian

Erredakzioa 2023ko mar. 22a, 09:30
Euskal Dantzarien Biltzarraren topaketa bat, 2018an. / Argazkia: EDB

Martxoaren 24an bukatuko da Euskal Herriko Gazteen Dantza Topaketaren lehen edizioan izena emateko epea, eta 15 eta 25 urte bitarteko 100 dantzarik baino gehiagok eman dute izena hiru egunez Asparrenean biltzeko.

Euskal Dantzarien Biltzarrak lehen aldiz antolatuko du aurten Euskal Herriko Gazteen Dantza Topaketa, ekainaren 30etik uztailaren 2ra, ostiraletik igandera, Araian (Asparrena). Ekimenean parte hartuko duten gazteek dantza taldeetako belaunaldi aldaketaren inguruko gogoeta egingo dute bertan.

Bi egun baino ez dira falta martxoaren 24an izena emateko epea amaitzeko, eta Euskal Herri osoko 15 eta 25 urte bitarteko 100 dantzari ingururen parte hartzea baieztatu dute antolatzaileek.

"Dantza taldeen belaunaldi erreleborik ezari irtenbidea bilatzea da helburu nagusia. Euskal Dantzarien Biltzarrak gazteen ahalduntzearen aldeko apustua egiten du, taldeen bizitzan parte aktiboa izan dadin. Taldeen etorkizunari begira haien presentziak eta ekintzek duten garrantzia ikusarazi nahi zaie", azaldu du Euskal Dantzarien Biltzarrak.

Hiru egunez, hausnarketarako, dantzarako, harremanetarako, tradiziorako eta berrikuntzarako tartea izango dute, eta partaide bakoitzarentzat "ezinbesteko esperientzia" izango dela ziurtatu dute, baita "dantzaria izateaz harro" egoteko aukera ere.

Euskal Dantzarien Biltzarra 1965ean sortu zen, Euskal Herriko dantza, musika eta ohiturak mantendu, berreskuratu eta zabaltzeko asmoarekin. Irabazi asmorik gabeko elkarte soziokulturala da, euskal dantzak sustatu eta babesteko helburua duena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide