Pertsona bat hil da Asparrenean, ihes egin duen lur orotako ibilgailu batek harrapatuta

Erredakzioa 2023ko urt. 15a, 13:00
Ertzaintzaren kontrola Arabako errepide batean. / Argazkia: IREKIA

Bart goizaldean, lur orotako ibilgailu batek bazterbidetik zihoan oinezko bat harrapatu eta hil egin du Asparrenean, eta ihesari ekin dio. 54 urteko gidaria aurkitu dutenean, alkohol-tasa baimendutakoa baino askoz ere handiagoa zuen.

Istripu larria igande honetako gauean gertatu da A-1 errepidean, Asparreneko udal barrutian, 00:30etik 01:00etara bitartean. Ordu horretan, pertsona batek 112 SOS Deiak zerbitzuta deitu du, errepideko bazterbidetik pertsona bat oinez zihoala ohartarazteko. Handik gutxira, beste pertsona batek jakitera eman du pertsona bat errepidean etzanda zegoela.

Lekura bertaratu diren osasun eta polizia baliabideek egiaztatu dute norbaitek adierazitako pertsona harrapatu duela, eta lekuan ibilgailu baten zatiak zeudela. Berehala, ibilgailua bilatzeko dispositiboa martxan jarri dute. Handik 30 kilometrora, aurreko aldean kalteak zituen lur orotako ibilgailu susmagarri bat aurkitu dute, Gasteizko noranzkoan; besteak beste, argi bat falta zitzaion eta odol arrastoak zituen.

Gidariari alkoholemia probak egin dizkiotenean, odoleko alkohol-tasa baimendutakoa baino askoz ere handiagoa zuela egiaztatu ahal izan dute. Hortaz, atxilotu egin dute, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa eta sorospen eginbeharra ez betetzea leporatuta.

OHARRA: Hasiera batean, ibilgailua kamioi bat zela jakinarazi du Ertzaintzak, baina beranduago informazioa zuzendu du, lur orotako ibilgailu bat zela argituz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide