Gasolio isurketa bat salatu dute Aguraingo Etxabe errekan

Erredakzioa 2023ko urtarrilaren 11

Isurketaren irudi bat. / Argazkia: ZADORRA BIZIRIK

Zadorra Bizirik plataformak salatu du Aguraingo Etxabe errekan hautemandako gasolio isurketa inguruko gasolindegi batetik datorrela.

Bizilagunek eta Zadorra Bizirik plataformak ohartarazi dutenez, duela egun batzuk gasolio usaina nabaritzen hasi zen Etxabe errekaren inguruan. Horren aurrean, tapakiak jarri dituzte ibaiaren zenbait puntutan, isurketa kontrolatzen saiatzeko, baina ez dute erabat lortu. Zadorra Bizirik-en susmo guztien arabera, isurketa nekazaritza kooperatibaren ondoko gasolindegi batetik dator.

Azken egunetan, isurketa baieztatzeko hainbat argazki atera dituzte, eta astearte honetan plataformak isurketaren berri eman die 112 SOS Deiak zerbitzuari eta URA agentziari. Oraingoz ez da arrainen heriotzarik gertatu, eta isurketaren jatorria ikertzen ari dira une honetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago