Aste honetan, Donemiliagako Udalaren osoko bilkurak argi berdea eman die 2023rako kontuei. Guztira, 1,2 milioi euro izango ditu Lautadako herri honek datorren urterako.
Gizarte zerbitzuen arloan arreta hobetzea eta trantsizio energetikoa bultzatzea izango dira heltzear den urteko aurrekontuaren bi helburu nagusiak.
Alde batetik, Axpuruko Eguneko Arretarako Landa Zentroko ateak irekiko dituzte. Aldundiak finantzatzen laguntzeari uko egin ostean, Udalak 100.000 euro bideratuko ditu zentrora, 2023an zehar garraioa (48.000 euro) eta kudeaketa (52.000 euro) finantzatzeko. Gainera, zentroak Asparrena, Zalduondo eta Barrundiako udalerriei ere emango die zerbitzua.
Bestalde, Donemiliagak beste 82.000 euro erreserbatu ditu energia komunitateak eta autokontsumorako sistemak bultzatzeko. Diru horren zati bat partikularrentzako diru laguntzetara bideratuko da, beste zati bat maileguetara, eta beste zati bat administrazio batzarrei zuzendutako diru laguntzetara.
Azkenik, 97.000 euroko beste inbertsio bat aurreikusi dute Hiri Antolamenduko Planaren lanak amaitzeko, beste 10.000 euro udalerriko etxebizitzabeharrei buruzko azterlan bat egiteko, beste 10.000 euro udalaren energia planean aurreikusitako jardueretarako, eta beste 64.000 euro kiroldegian egingo diren hobekuntzetarako.
Erika Letamendi alkatea pozik agertu da aurrekontuek izan duten babesarekin, eta nabarmendu du "udalerri txikia, oso sakabanatua eta baliabide mugatuak dituena izan arren, Donemiliagan bizi diren pertsona guztiei kalitatezko zerbitzu publikoak ematen zaizkiela bermatzeko lanean" jarraitzen dutela.