Zalduondok 1,9 milioi euroko aurrekontua izango du 2023an

Erredakzioa 2022ko abe. 15a, 20:50

Besteak beste, bolatokia birgaituko du Zalduondok 2023an. / Argazkia: EUSKADI.eus

Inoizko aurrekonturik handienarekin, Zalduondok inbertsioetarako erabiliko du zati handiena: besteak beste, bolatokia birgaitzeko, sareak bereizteko, alokairuko etxebizitzak eraikitzeko eta biomasa galdara bat instalatzeko.

2023ko ekitaldirako aurrekontuak onartu du Zalduondok, inoizko handiena: 1,9 milioi euro. Proiektu ekonomikoaren zatirik handiena inbertsioetara bideratuko da. Izan ere, 2022ko 1,2 milioi euroen aldean, datorren urtean 1,7 milioi euro izango dituzte horretarako. Egin nahi diren lanen artean, bolatokia birgaitzea edo maisuaren etxe zaharrean alokairurako etxebizitzak eraikitzea nabarmentzen dira.

Diru kopururik handiena, berriz, herriko kale nagusiak urbanizatzeko obren esparruan sareak bereizteko lanetarako erabiliko da; zehazki, 1.022.00 euro.

Gainera, udal energia planean jasota dagoen bezala, biomasa galdara bat instalatuko da udal instalazioetan, 64.800 euroko aurrekontuarekin.
Bitartean, Zalduondok beste 26.000 euro gordeko ditu Hiri Antolamenduko Plan Orokorra behin betiko onartzeko.

Gustavo Fernandez Villate Zalduondoko alkatea pozik agertu da aurrekontu hauekin: "Horrela, Zalduondo baliabide urriko udalerri txikia bada ere, herritarrei oinarrizko zerbitzuak emateko, trantsizio energetikoaren arloan aurrera egiten jarraitzeko, oinarrizko azpiegiturak eraberritzeko, turismora bideratutako zerbitzuak bultzatzeko eta urte osoan zehar kultura, kirol eta euskara eta berdintasuna sustatzeko jarduerak bermatzeko diru sarrera nahikoak lortu ditugu", ospatu du..

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago