Abenduaren 7an, iragan asteazkenean, Construcciones Tavares enpresak azpikontratatutako Construcciones y Reformas Villaredonda enpresako langile bat lan istripu ez traumatiko baten ondorioz zendu zen Iruraiz-Gauna udalerriko Arrieta auzoan, txalet baten eraikuntzan lanean ari zela. LAB sindikatuak jakitera eman duenez, langilea ondoezik sentitu zen, eta, osasun zerbitzuek abisua jaso zuten arren, ezin izan zuten ezer egin haren heriotza saihesteko.
Sindikatu abertzaleak bere "elkartasun eta babes osoa" adierazi die hildako langilearen familia, lankide eta gertukoei. Horrez gain, "eraikuntzaren sektorean azpikontratazioaren katea gehiegi erabiltzen dela" salatu dute, "horrek langileentzako arrisku egoerak biderkatzen dituelako eta laneko segurtasunari buruzko araudia betetzen dela kontrolatzea zailtzen duelako".
"Enpresen etekina langileen prekarietatean oinarritzen duen eredu baten emaitza da hau, eta prekarietate horrek hil egiten du", gaineratu du LABek.
Heriotza honekin, lan istripu hilgarrien 2021eko datuak gainditu dira Euskal Herrian. Izan ere, dagoeneko 69 langile hil dira aurten, eta 2021ean 68 izan ziren. "Zenbaki hau onartezina da, eta erakundeek, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak neurriak hartu behar dituzte enpresak laneko segurtasun eta osasunaren arloko legedia betetzera behartzeko", galdegin du sindikatuak.