Azaroak 25

Indarkeria matxistaren aurkako dokumental bat eta erakusketa bat Zalduondon

Erredakzioa 2022ko aza. 15a, 09:00

'Cachada' (2019) dokumentalaren fotograma bat. / Argazkia: MARLEN VIÑAYO

Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Egunaren bueltan, Zalduondoko Kultur Elkarteak El Salvadorko Cachada dokumentala (azaroaren 18an) eta EME estilo ariketak erakusketa (maiatzaren 1era arte) eskainiko ditu.

Urtero bezala, azaroaren 25ean, hamar egun barru, Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Eguna ospatuko da, eta Zalduondoko Kultur Elkarteak bi ekintza antolatu ditu herrian, Udalaren diru laguntzarekin.

Azaroaren 18an, ostiral honetan, 19:00etan, Cachada dokumentalaren emanaldia egingo dute Lazarraga Kulturgunean; sarrera doakoa izango da. Marlen Viñayoren filmak beren bizitzak antzerki konpainia baten bitartez erakusten duten El Salvadorreko bost emakume saltzaile ibiltariren istorioa kontatzen du. Azoketan eta etxeetan izandako bizipenei buruz hitz egiten dute, iraganari eta bizitzan zehar jasan dituzten indarkeriei aurre eginez. Hain zuzen ere, La Cachada da antzerki konpainia txikiaren izena.

Emanaldiaren ostean, bertaratuek Leire Lopez de Aberasturi genero indarkeriaren arretarako zerbitzuetako langilearekin solasaldi batean parte hartzeko aukera izango dute. Gaiak gure inguruan dituen ezaugarriak aztertuko dira hitzaldian, baita administrazioak biktimentzako dituen baliabideak ere.

 

Erakusketa

Bestalde, igande honetan, azaroaren 20an, 12:00etan, EME estilo ariketak erakusketa inauguratuko dute, eta maiatzaren 1era arte Lazarraga Kulturgunean bisitatu ahal izango da, igande eguerdietan, 11:30etik 13:30era. Erakusketak Josune Aranguren Zatikaren testuak eta margolanak biltzen ditu, eta emakumeen aurkako indarkeria sinbolikoak ditu ardatz, "bizipen eta gogoeta pertsonaletan oinarrituta".

"Lanean, amatasunean, gorputz ez-arauemaile bat izatean, lehiakortasun eredu baten inposizioaren pean, zaintza lanean, iruzkin eta txiste matxistak jasatean, hizkuntzak baztertzen gaituenean eta beste hainbat egoeratan" bizitako indarkeriak aztertzen ditu Arangurenen obrak. Hamabost irudik eta hamahiru testuk osatzen dute lana.

Horrez gain, falta diren testuak eta irudiak erakusketaren bisitariek idatzi edo margotu ahal izango dituzte maiatzera bitartean, beren bizipenetan oinarrituta.

Inaugurazioaren egunean, bisita gidatua egingo da egilearen eskutik, eta ondorengo bisitak libreak izango dira. Hala ere, bisita gidatu berriak adosteko aukera zabalik dago, josunearanguren@gmail.com helbidera idatziz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago